Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Bi Bake Epaileren bizipenak: Zaldibar eta Elorrio

1. Mertxe Uriarte: Zaldibarreko bake epailearen bizipena lehen pertsonan

Zer da Bake Epaile bat? Zeintzuk dira bere betebeharrak? Edonor izan liteke Bake Epaile? Soldatarik ba al du? Nork aukeratzen du? Bizi guztirako kargua da ala epe jakin baterako? Hauek eta beste hamaika galdera bururatu litezke.

Diskrezioz, ia oharkabean bete behar den lana da Bake Epailearena, soldatarik ez baina, hiruhilabetero biztanleen arabera ezarrita dagoen kopuru jakin bat jasotzen dugu. Udalak deialdi publikoa egiten du eta aurkezten direnen artetik, udal plenoak aukeratzen ditu titularra eta ordezkoa lau urtetarako. Hamabi urte igaro dira kalean udalak argitaratutako oharra ikusi nuenetik: Bake Epailea eta Bake Epailearen ordezkoa behar zirela eta izena emateko epea zabalik zegoela. Adinez nagusia, alfabetatua eta inongo kausa judizialetan sartu gabea izan behar zen. “Zergatik ez?” pentsatu nuen. Aurretik eskolako guraso elkartean ihardun nuen hamar urtez, kultur ekintzen antolaketan eta aurkezpenetan ere ibilia nintzen, herri osoa ezagutzen nuen eta herri osoak ezagutzen ninduen, jendearekin harreman ona neukan eta, halaxe, izena eman nuen eta Udal plenoak gehiengoz aukeratu ninduen. Jakin-min handiz ekin nion ez dakit nola definitu, langintza, ofizio, kargu, ardura... honi. Hirugarren lau-urtekoa betetzen ari naiz eta jarraitzeko asmoa dut, oso oso gustura betetzen dudan lana delako.

Izenak definitzen du izana. Ez da beti lan erraza muturtuta dauden bi alde edo gehiago hurbiltzea, mahai baten inguruan esertzea eta bakoitzak bere ikuspuntua era zibilizatuan azaltzea, elkarbizitza gero eta zailagoa bihurtzen ari den garai honetan. Komunikabideetan ohiko bihurtu dira epaitegietako berriak eta orokorrean, zentzu ezkorrean, epaiak kritikatzeko edo neurri zorrotzagoak eskatzeko. Arazo arruntetan hitz eginez akordiotara iritsi beharrean, salaketak dira eguneroko ogia. Herri txikia da Zaldibar, hiru mila bizilagun eskas ditu eta, ikusten dugu azken urteetan nabarmen hasi dela auzibidera jotzen duen jendearen kopurua. Zaratarengatik edo txakurren portaerengatik auzokideen arteko eztabaidak, baserri eta landa eremuetan abereek eragindako kalteak direla edo mugarriek sortzen dituzten ika-mikak, maizter eta etxe-jabeen konponezinak, biolentzia, lapurretak... Bizimodua konplikatuz doa, komunikazioa erraztu dezakeen horrenbeste teknologia eskura eduki eta gero eta inkomunikatuago bizitzea, penagarria da.

Azken hamaika urtetan egunero egiten dudan legez, gaur ere goizeko hamaiketan iritsi naiz Zaldibarko Udaleko behe-solairuan dagoen Bake Epaitegi berri-berrira. Tokiz aldatu gaituzte herritarrei erraztasunak emateko, mugikortasun arazoak dituztenek premiazko zerbitzuak eskura izan ditzaten egiten ari diren erreformak medio. Ezin naiz kexatu, aurrerapen teknologiko guztiak ditut, zer eskatu, hura ipini. Liburu guztiak digitalizatuta ditugu, sarean gaude, munduko edozein puntatatik eska litezke agiri literalak, agente elebiduna dugu, langilea, arduratsua, ordenatua, atsegina, beti laguntzeko prest dagoena, dokumentu guztiak euskaraz eta erdaraz ateratzen ditugu Justizia Sailak martxan jarritako aplikazio berezi bati esker. Beste epaile-kide batzuekin esperientziak elkartrukatzen ditugunean konturatzen naiz “epaile mimatua naizela” eta, ezberdintasunak aipagarriak direla. Bake Epaitegi bakoitza dagokion udalbatzaren menpean dago eta kasu askotan, instalakuntza eta baliabideei dagokionez sentsibilitate falta nabarmena da.

Erregistro zibila, jaiotza, ezkontza eta heriotzak, hauei dagozkien agiriak, ezkontza espedienteak, jakinarazpenak, zitazioak, ezkontzen ospatzeak, familia liburuak, beste epaitegietatik iristen zaizkigun exhortoen tramitazioa, kontziliazioak... horiek osatzen dute gehienbat gure eguneroko lana. Justiziaren kate luzean, herritarrek esku-eskura, etxe ondoan duten ordezkaria da Bake Epailea, eguneroko arazo txikietan bitartekari lanak egin ditzakeena, arazoak sortu bezain pronto irtenbidea aurkitzen laguntzeko prest egongo dena.

2. Susana Serrano. Elorrioko bake epailearen bizipena lehen pertsonan

Elorrio 7200 biztanle inguru dituen Bizkaiko herria da, Gipuzkoarekin mugan. Legearen arabera, Bake Epaitegia edukitzea dagokio, Durangoko demarkazio judizialaren esparruan. Nik bosgarren urtea hasi berri dut mundu honetan, aurten berriztatu didatelako agintea.

Legeak diona, teoria, gauza bat da; beste bat, ordea, egunez egun bizi duguna. Izan ere, egun eta nire herrian, ez ditut legeak esaten dituen betebehar guztiak nik egiten, lan gehiena Durangoko Lehen Instantzia eta instrukzioko Epaitegian egiten baita dute. Ez elorriotarrak gai ez garelako, baizik eta baliabide fisiko faltan gaudelako. Bi aldiz errea izan da Elorrioko Bake Epaitegia (1997 eta 2001), beraz orain 3 X 3 metroko gelatxo batean sartu dute, udaletxeko teilatu azpiko txoko batean. Inongo arauak betetzen ez dituen kokagunetik (heltzeko igogailua badago ere, azken zatian derrigorrezko 6 eskailera daude), gure herrikideengatik ahal duguna egiten saiatzen gara. Bake Epaile bezala, pertsonalki ez asko, bulegoan dauden Idazkaria eta agenteak egiten dutelako lan guztia, nik sinatu besterik ez, eta ezkontzak. Agian epe laburrean gauza gehiago egin ahal izango dugu (Durangon egiten dizkiguten tramiteak, kasu).

Teorian ere epaitegien ordutegia 8retatik 13ak artekoa da, aste egunetan. Hortaz, tramite guztiak hor egin beharko lirateke... ezkontzak barne. Eta guztiok dakigu ezkontza ponpoxoak larunbatetan direla. Edo ostiral arratsalde baten. Gauza hauetarako Elorrixon ez dugu inongo eragozpenik jartzen, ezkontideak erabakitzen bai dute noiz, non, nola, norekin ezkondu: eguna, ordua, zeremonia, eta bake epaile-alkate-zinegotzi aurrean egitea. Suposatzen dut deigarriena ezkontzen gaia dela.

Berez ezkontza zibila Kode Zibilaren 66, 67 eta 68 artikuluen irakurketa eta ezkontzeko baietza emateko behar diren 3 minututan burutzen den ekintza da (bikoteek -senar berriek, batez ere- 68. artikuluren irakurketa ostean jasaten dituzte barreak eta entzun beharrekoak barne). “Zeremonia legala”, legeak ezarritako, artikuluak irakurri, ezkontideei ezkondu nahi duten eta ekintzan bertan egin galdetu, baietzak jaso, ezkondutzat aitortu, familia liburua sinatu eta emanez eta Ezkontza erregistro liburuan ezkontideak, bi lekukoak eta epailearen sinaduraz eginda dago.

Praktika bestelakoa izaten da askotan, eta anitza. Batzuk dida baten egindako tramitea bete eta nahikoa dute. Ondo. Beste noizbait ezkontideak umeak zituzten eta ilusioa egin zien hauek ere Aktan sinatzea (zergatik ez? kontrakorik ez dio legeak, eta polita da seme-alabek ere paperaren gainean parte hartzea; ze lekuko hobeagoak?). Beste noizbait email bidez prestatu dugu zeremonia: ezkongaiak atzerrian zeuden, beraz testuak handik hona ibili ziren, irakurgaiak, abestiak eta horrelakoekin. Beste batzuk “zerbait gehiago” eskatzen dute, eta zeremonia zibila elizarenaren oso antzekoan bihurtu, irakurgai ekin (Tagore, Gibran, etab), musikaz, bertsoekin, ezkongaien arteko hitzen elkar trukaketaz, umeek eraztunak hurbiltzeaz... Ez dago eredu finkorik, bikote bakoitzak erabakitzen du zer nahi duen. Eta baita egin ere (nire laguntzaz hala beraiek antolatuta). Epaitegiko bulegoan espedientea egiterakoan beraien nahia azaltzen dutenean, nirekin jartzen dituzte kontaktuan, eta hor hasten da nire ustez herri epailea izatearena, ordurik gabe, erraztasuna emanez. Egia esan, zeremonia polita eta girotsua izan daiteke. Norberaren gustukoa. Norberak egina. Daukagun ganorazko lokal faltaz bada ere, eta ia noizbait udaletxean konturatzen diren... bertatik pasa diren kolore guztietakoak ez dute arazoa konpondu eta, naiz eta kostu gehienaz Eusko Jaurlaritzak kargu egin. Beraz, Bake Epaitegiko langile eta erabiltzaileen eskaera horrekin bukatu nahi dut. Ba hori. Entzun behar duenak entzun eta egin dezala... Elorrixogatik!

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media