Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Bake epaileen eginbeharrak, prozesu zibilaren legeak aitortzen dizkien eskuduntzaren arabera, hiru apartatu nagusietan aztertuko ditugu: 1. Hitzezko epaiketa, 2. Prebentziozko adiskidetzea eta 3. Helegite izapidetza.
Bake epaitegien eskuduntza zibil arloan, 90 € (Prozedura Zibilaren Legearen 47.art.) arteko auzien ezaguerara mugatzen da lehen instantzian, beraz eta PZLk arautzen dituen prozedurak aintzat hartuta, bake epaileek izapidetuko duten prozedura bakarra hitzezkoa izanen da.
a) Demanda
PZL 437. artikuluak zera adierazten du, hitzezko prozedura “demanda bitartez hasiko da”, gainontzeko prozesu zibil guztietan bezala, ekimen prozesal zibila demanda baten bitartez bideratu behar da. Demanda ekintza bakarra da baina, eta pretentsio desberdinen muntaren arabera, PZLk errealitateari egokitzeko helburuarekin, forma desberdinak aurreikusten ditu:
- Demanda arrunta edo osoa:
PZLk 399 eta ondorengo artikuluetan arautzen du demanda arrunta, edozein eskaera (diru kopurua, gauza zehatza...) bideratzeko balio duena. Aipatutako artikuluetan deskribatzen den ekintza prozesalak, barnean daraman pretentsioaren arabera, bai epaiketa arruntari bai hitzezko epaiketari hasiera emango dio.
Demandaren egitura eta haren ezinbesteko edukiak, legearen arabera, ondorengo hauek dira: Aktorearen eta demandatuaren identifikazioa, azken honen enplazamendua ahalbidetzeko egoitza edo bizilekuaren berri eman behar du aktoreak. Gainontzekoan abokatu eta prokuradorearen datuak —parte hartuz gero— eta eskudun den auzitegiarenak ere, demandarekin batera eskaini beharko ditu auzi-jartzaileak.
Ondoren “era antolatu eta argian” aktore edo demandariak egitateen narrazioa egingo du, haien inguruko demandatuaren jarrera, onarpena edo ukatzea, errazteko moduan. Era berdinean azalduko ditu, eskatzen dituenak oinarritzeko froga gisa erabiliko dituen dokumentu edo baliabideak. Jarraiean auziaren funtsari buruzko zuzenbidezko oinarriak. Azkenean eta bukatzeko petituma edo eskaera azaldu beharko du demandariak.
- Demanda laburtua:
PZLk zera dio 437.1. artikuluan, “hitzezko epaiketa demanda laburraren bidez hasiko da”, beraz, dirudi duenez gure prozedurari hasiera emateko legeak aurreikusten duen tresna bakarra, edo gutxienez ohikoa da. Demanda laburtuaren eskakizunak arruntarenak baino urriagoak dira, bertan “jasoko dira auzi-jartzailearen eta demandatuaren identifikazio-datu eta ezaugarriak, eta horiek zitatzeko egoitza edo egoitzak”, azkenik “eskatutakoa argi eta zehatz adieraziko da.”
Oraingo honetan Legeak ez ditu -demanda arruntarekin ikusi dugun bezala- ukanbeharren artean egitateen narrazioa, ezta auziaren funtsari buruzko zuzenbidezko oinarriak zerrendatzen. Ez da beraz motibaziorik azaltzen prozesuaren une honetan, ondorioz ez da hasieratik (demandarekin) pretentsio osoa gauzatzen, bistaren beharra sortzen delarik.
Argazkia: maveric2003.
http://www.flickr.com/photos/maveric2003/110137022/
- Inprimaki normalizatu bitarteko demanda:
Hirugarren aukera hau —pretentsioaren munta 900 € baino gutxiago denean— benetan interesgarria da, honen arabera demanda inprimaki normalizatu baten bitartez gauzatu edo jar daiteke, PZL 437.2 art. Erraztasuna da beraz ezaugarri nagusia, bake epaitegien funtzionamendura ederto moldatzen delarik. Kasu hauetan hiritarren agertze eta defentsa auzitegiaren aurrean ez du ez abokatu ez prokuradore baten beharrik.
b) Demandaren onartzea eta bistarako zitazioa
Jaso ondoren eta bost eguneko epean, epaileak onartzeari buruzko ebazpen bat emango du, (PZL 440.1 art). Auto bitartez hartutako erabakia demanda onartzea denean, demandatuari emango zaio honen berri eta bistarako zitazioa luzatuko zaie alderdiei hurrengo hamar eta hogei egun bitartean, eguna eta ordua finkatuz.
Frogari buruzko jarduera osoa bistan gauzatuko da, eta nahiz eta alderdiren bat ez agertu, bistak jarraitu egingo du, agertu ez den alderdia aukera prozesalak galtzeko arriskuan kokatuz, PZL 442.2 art., gainera eragin kaltegarriak jasan ditzake, PZL 304 art.
d) Bista
Ahozkotasun printzipioa da hitzezko epaiketan nagusi eta oinarri, demanda eta azken ebazpena dira salbuespen bakarrak, hauek idatziz ematen baitira. Guztien artean ekintza nagusia bista da eta hau ahoz izapidetzen da (PZL 182-193 artk.).
- Alderdien ez agertzea:
Auzi-jartzailea denean, demandan atzera egin duela ulertuko da, eta prozesuko kosteei eta agertutako demandatuaren kalte-ordainei aurre egin beharko dizkie (PZL 442.1 art). Agertzen ez dena demandatua denean, auzi-ihesa edo errebeldia adierazpena emanen da, ondoren, epaiketak aurrera jarraituko du (PZL 442.2 art.).
Bi alderdien ez agertzea gertatzen denean, jardunaren artxibatzea izango da ondorio prozesala.
- Bistaren garapena:
Bistaren hasieran demandatzaileak azalduko ditu bere eskaeraren oinarriak (PZL 443.1 art.). Jarraian eta kontradikzio printzipioa esleituz, demandatuak azalduko ditu bere defentsarako dituen argudio guztiak, Legeak finkatutako orden jakin baten arabera (PZL 443.2 art.).
Epaileari dagokio bistaren kudeaketa, eta demandatuaren alegazioen ondorioz berak erabaki beharko du prozesuak bertan behera geratu edo jarraitu behar duen (PZL 443.3 eta 4 art.).
Bistak jarraitzekotan, eta kontzentrazio printzipioari jarraikiz, alderdiek beraien eskaerak oinarritzen dituzten gertakariak finkatzeko aukera izanen dute. Adostasuna badago ez da frogarik beharko, baino gertakarietan adostasunik ez dagoenean, alderdiek froga baliabideak proposatuko dituzte. Proposatutako frogari buruz, epaileari dagokio onartzea erabilgarritasunaren arabera, eta jarraian hauek gauzatuko dira (PZL 443.4 art.). Ondoren, behin froga gauzatua, epaileak bukatutzat emango du bista, prozesua epaiaren zain delarik. Ebazpena ondorengo hamar eguneko epean eman behar du epaileak (PZL 447.1 art.). Hau aurkatzeko apelazio helegitea aurreikusten du Legeak 455.2,1. artikuluan.
Adiskidetzea, gatazka bateko alderdiak hirugarren baten aurrean egindako jarduera bat da, zeinaren helburua irtenbide baketsu eta bidezko bat lortzea den. Prebentziozko adiskidetzea bitartez alderdi batek —prozesua ekiditeko asmoarekin— besteari epaile aurrean (bake edo lehen instantziako epailea izan daiteke) agertzeko eskatzen dio. Honi dagokio hurbiltze saioa gatazka konpontzeko helburuarekin, baino ebazpenik erabili gabe. Lortu izanez gero ez da demandarik tarteratuko.
a) Araudia, izaera eta eskuduntza
1/2000. urteko Prozedura Zibilaren Legeak, bere Xedapen Indargabetzaile bakarrean, indarrean mantentzen ditu, salbuespenez, PZL zaharraren (1881.koa) hainbat artikulu, horien artean, 460tik-480ra hain zuzen ere, non adiskidantza arautzen den.
Jardueraren izaera erabat borondatezkoa da: egin daiteke ala ez. Egiten ez bada ez du ondorio juridiko-prozesalik izango alderdi edo epailearengan.
Lurralde eskuduntzari dagokionez, eta orokorrean “demandatuaren” egoitza edo bizilekuak finkatuko du, bake edo lehen instantziko —udalerri berberean ezin dira bi motatakoak izan— epaitegi jakin batean.
Argazkia: maveric2003.
http://www.flickr.com/photos/maveric2003/110137022/
b) Prozedura
Erraza eta arina da legegileak disenatutako prozedura. Aurreikusitako urrats edo fase hauek dira:
1. Eskatzen duenak, berak sinatutako idazkia aurkeztu behar du, eskudun den epaitegian, subjektuak eta objektua identifikatuz (1881.ko PZL 465 art.).
2. Ukanbeharrak aztertu ondoren, eta guztiak errespetatuz gero, epaileak tramitera onartuko du eskaera, alderdien zitazioa aginduz, egun eta ordu jakin bat finkatuz agerraldirako (1881.ko PZL 466 art.).
3. Alderdietako bat agertzen ez denean esandako une eta tokian, saioa eragin-gabe ospatutzat hartuko da. Agertu ez denari dagokio kosten ordainketa. Bi alderdiak agertuz gero ekintzak aurrera jarraituko du eskatzen duenaren —“demandariaren”— alegazioak eta argudioak plazaratuz, ondoren subjektu pasiboak —“demandatuak”— erantzuna emango dio. Parte hartze txanda desberdinak erabilita alderdiek elkarrizketa gauzatzen dute. Beraien kabuz akordiorik lortzen ez dutenean epaileari dagokio adiskidetze saioa egitea. Lortzen ez badu, eragin gabe bukatutzat emanen da ekitaldia.
Adostasuna lortuz gero akordioak lotesleak dira, eta alderdiak borondatez betetzen ez dutenean, epaileak behartuko ditu, 1881.ko PZL 476 art. Beraz, balio exekutiboa dute adiskidetzaren bitartez lortutako akordioak.
d) Adostutakoaren inpugnazioa
1881.ko PZLk 477. artikuluan, adostutakoa inpugnatzeko aukera ematen du, deuseztasun akzioa egikarituz, egintza burutu eta hurrengo hamabost egunetan.
Nahiz eta munta edo entitate txikikoa izan, bake epaileak badute helegiteak izapidetu edota ebazteko eskumena. PZLaren arabera bi dira —modu desberdinetan— organo honek ezagutuko dituen inpugnazio baliabideak, birjartze eta apelazioa hain zuzen ere.
a) Birjartze helegitearen erabakia
Helegite hau ez da debolutiboa —izaera honekin PZLan agertzen den bakarra dugu— honek zera esan nahi du, birjartzea erabakitzen duen organoa, inpugnatutako ebazpena eman duen organo berbera dela. Beraz, bake epaitegiak ebazpen bat eman duenean prozesuan zehar (epaia ezik), eta helegite honen bitartez haren aurkatze edo inpugnazioa eskatzen denean, bake epaitegiak berak erabakiko du (PZL 451 art.). Eztabaida gauzatu ondoren ebazpena bost eguneko epean plazaratuko da aurkaezina den —salbuespen gutxirekin— auto baten bitartez.
b) Apelazio helegitearen prestaketa
Bake epaitegiak zenbait eskuduntza dituzte helegite jakin batzuen izapidetzan, apelazio helegitearekiko hain zuzen ere. Esandako eskuduntzak erreserbatzen dio bake epaileari helegitearen prestaketa, baldin eta helegitea beraiek emandako ebazpen baten aurka tarteratu bada (PZL 458.1 art.).
Apelazioa helegite debolutiboa denez, badakigu haren ebazpena goi mailako beste epaitegi bateri dagokiola, beraz, helegite honen izapidetza gauzatzean bi organo desberdinek parte hartzen dute. Ikusi dugun bezala, prestaketa bake epaitegiari dagokio eta ebazpena goi mailako beste organo bati, lehen instantziako epaitegiari hain zuzen ere (PZL 455.2.1 art.).
Apelazioaren prozeduran, beraz, bi fase hauek bereizten dira:
- Lehena a quo fasea, helegitea prestatu eta aurkeztekoa dena. Aurkatutako ebazpena eman duen organoaren aurrean bertan gauzatzen dena, bake epaitegia denean, honi dagokio fase hau.
- Bigarrena ad quem fasea, helegitea erabakitzeko dena. Bake epaileak emandako ebazpena apelatuz gero, lehen instantziako epaileari dagokion fasea.