Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Idazkari judizialak orokorrean funtzionario publikoak dira. Justizia Ministerioaren menpe daude goi gorputz Juridiko bat osatuz, eta Justizia Administrazioaren zerbitzuan daude. Agintari izaera dute idazkariek. Hala ere, bake epaitegietan diharduten idazkariak ez dira goi gorputz juridiko horretako partaideak, baina idazkariei dagozkien funtzioak eta betebeharrak konplitu behar dituzte, idazkariei buruzko araudia haientzat ere indarrean dagoelarik (Abenduaren 30-ko 1608/2005 Errege dekretua “Idazkari Judizialen gorputzaren araudi organikoa” deritzona).
Behin idazkari judiziala definituz gero, idazkaritzak bake epaitegietan nola antolatzen diren aztertu beharko dugu. 1.998. urtean Eusko Jaurlaritzak emandako dekretu batean ondorengo bereizketa dago,
a) 7.000 biztanle baino gehiago duten herrietan, edo Idazkaritzen Elkarteetan Justizia Administrazioko ofizial bat idazkari izango da.
b) Gainontzeko bake epaitegietan “ idazkari egoki” bat egongo da.
Argazkia: Katie Dureault.
http://www.flickr.com/photos/the_cutting_room_floor/421718524/
Bake epaitegietako idazkaritzen elkarteek Botere Judizialaren Lege Organikoa eta zenbait dekretu autonomiko dute oinarri. Ekintza judizialak organo judizialean bertan burutu behar direla aipatzen du Lege Organikoak, beraz Idazkaritzen Elkartea ibiltaria izango da, hau da, asteko egun ezberdinetan bake epaitegi ezberdinetan mamituko da lana. Izaera ibiltari honek bake epaitegien arteko koordinaketa eta programazio ona eskatzen du. Idazkaritzen Elkartea eratzen denean programazio hori eta lan egitasmoa memoria batean islatzen dira, nahiz eta gero programazio hori aldatu ahal izan.
Idazkaritzen Elkarte bat itinerante izateak ez du esan nahi egoitza zehatzik ez duenik; gehienetan biztanle gehien duen udalerrian kokatua baitago. Gaur egun Euskal Elkarte Autonomoan honelako bi Idazkaritzen Elkarte daude; Zamudiokoa (Zamudio, Lezama eta Larrabetzu) eta Gueñesekoa (Gueñes eta Gordexola), eta bidean omen dago Zuia Kodrilakoa, Araban (Aramaio, Arrazua-Ubarrundia, Legutiano, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia).
Esan bezala 7.000 biztanle baino gutxiago duten herrietan, edo idazkaritzen elkarte barruan ez dauden herrietan, bake epaitegietan “idazkari egokiak” egongo dira. Izendapena Udalak egiten du bake epaileari entzun ondoren, eta zenbait betekizun erraz betetzen dituztenen artean (askotan udaletxeko funtzionarioa izaten da). Bukatzeko Justizia Administrazioarekin harremanetarako Zuzendaritza Orokorrak emango du bere onetsia, prozedimendu guztia bake epaile aurrean egiten den kargu hartzearekin amaitzen delarik.
Edozein epaitegitan idazkari judizialaren lana garrantzitsua bada, bake epaitegietan are garrantzitsuagoa da. Beste organo judizialetan ez bezala bake epaileak ez du zergatik Zuzenbidea ezagutu behar, beraz, neurri handi batean idazkari judiziala prozesuko benetako zuzendaria izango da, eta bake epailearentzat laguntzaile juridiko-tekniko aparta. 7.000 biztanle baino gehiagoko herrietan -edo Idazkaritzen elkarteetan- ezagutza tekniko hori bermatuta dago idazkari judizial lana Justizi Administraritzako funtzionario batek burutzen duelako, ofizial batek hain zuzen ere, Zuzenbidean teknikoa den batek alegia. Gainontzeko bake epaitegietan egokitasuna udalek egindako hautaketaren araberakoa izango da ostera.
Jarraian idazkari judizialak zer nolako erabakiak har ditzakeen ikusiko
dugu. Hasieran esan den bezala bake epaitegietan aritzen diren idazkari judizialak
ez dira organikoki gorputz juridiko horretako partaide, hala ere haiei dagokien
araudi funtzionala aplikagarria suertatzen zaie:
A) Zentzu zabal batean idazkariak prozesua tramitatzeko ebazpen egokiak hartuko
ditu. Ebazpen horiek “diligentzi” izena dute eta prozesua ordenatzeko,
jasota uzteko, komunikazioak egiteko, edo erabakitakoa egikaritzeko egin daitezke.
B) Horretaz gain, idazkari judizialak fede emateko funtzioa, eta autoak gordetzeko eta zaintzeko funtzioak ere baditu. Idazkari judizialak ekintza prozesaletaz fede ematen du, eta kopiak eta egiaztagiriak ematen ditu (isilpeko autoak ez badira behintzat!). Era berean, epaitegian sartzen diren idazkien eta agirien fedea ematen du erregistro baten bidez. Esan bezala, idazkaria erregistro liburuen erantzulea da. Liburu hau eskuz idatzitakoa zein informatikoa izan daiteke egun.
C) “Berri ematea”-ren erantzulea da baita ere. Honen barruan ondorengoak daude. Alde batetik, idazkari judizialek diligentziak idatziko dituzte epaitegian sartzen diren idazkiak zein ordutan eta zein egunetan sartu diren adierazteko; idazkion ziurtagiriak emango dituzte edozein kasutan ere. Bestetik, egunean aurkeztu diren idazkietako berri emango diote epaileari, eta baita epailearen aurrean sinatu ez diren akten berri ere. Bestalde epeei dagokionez, idazkari judizialak epaileari igaro diren epeen berri emango dio, eta baita dagoneko erabaki behar diren autoen berri. Informazio hauek ahoz ematen ditu.
D) Prozesu zibilean “akta” idazten du idazkariak, nahiz eta gertatutakoa grabatu informatikaren bidez (kasu horretan aktaren edukia laburragoa izanik). Zenbait kasutan aktan idazten diren datuak murriztu egin daitezke pertsonen intimitatea gordetzeko ( nazioarteko adopzioaren legea, kasu).
E) Agiri judizialen formazioa, gordetzea, eta zaintzea idazkari judizialaren betebeharra da (epailearen eskutan ez daudenean noski). Prozesuari bultzada emateko idazkariak ordenazio-diligentziak erabiltzen ditu. Ordenazio-diligentzi hauek eduki oso zehatza dute; idazkariak agintzen duena, idazkariaren izena, data eta idazkariaren sinadura. Epaileak, noski, ordenazio-diligentziak berrikus ditzake onartuz edo errefusatuz. Probidentzi eta ordenazio-diligentzien arteko aldea ez da handia, baina lehengo kasuan xedea aipaturiko bultzada materiala da eta bigarrenean formala. Edonola, askotan alderik ikustea ez da erraza.
Argazkia: umjanedoan.
http://www.flickr.com/photos/umjanedoan/497398321/
F) Idazkariak ere epaileari probidentzia edo autoaren bidez erabaki behar diren erresoluzioak proposatu diezazkioke. Aukera hau mugatua dago eta idazkariak ezin du edozein auto edo probidentzietan parte hartu, adibidez halako proposamena ezinezkoa litzateke errekurtso bat erabakitzen duen auto batean. Honelako proposapena epaileari aurkezten zaionean, “ados” hitza erabiliz ontzat eman dezake edo berak egokitzat jotzen duen erabakia hartu.
G) Notifikazioak, komunikazio eta kooperazio judizialak ere idazkari judizialen lanak dira. Komunikazioak organo judizialak parte-hartzaile zein hirugarrenekin izan daitezke, edo baita beste organo judizialekin. Era ezberdinetako ekintzak dira:
Notifikazioen bidez, organo judizialak interesdunari erabaki judizial baten edukiaren berri ematen dio. Erabaki judizialak —autoak, probidentziak, ordenazio-diligentziak, epaitzak...— parte-hartzaileei notifikatuko zaizkie. Notifikazio hauek edozein bitarteko teknikoren bidez burutu daitezke arau prozesalak errespetatzen badira. Notifikazioa egin orduko irmea den ala ez adierazi beharko da eta balizko errekurtsoak ere aipatu beharko dira. Badaude zenbait notifikazio mota, adibide moduan; (a) epaitegian bertan egindako notifikazio pertsonala, (b) interesdunaren etxean egindako notifikazio pertsonala. Notifikazio hau idazkariak berak egingo du edo berak izendatutako funtzionarioak. Notifikazio hau zedula baten bitartez egiten da. Notifikatu behar den erresoluzio irakurtzen zaio oso osorik interesdunari eta gero jasotze hori sinatu beharko du: sinatzen ez badaki, edo ez badu nahi, bi lekukoek sinatuko dute. Idazkariak burutzen badu notifikazio hori bi lekuko horiek ez dira beharrezkoak izango. (c) Zedularen bidezko notifikazioa; interesduna bere etxean ez dagoenean egindako notifikazioa dugu hau. Honelako kasuan bere senidetartekoren bati egiten zaio notifikazioa edo, bestela, auzokideren bati. Pertsona hauek eman beharko diote zedula interesdunari bestela isuna jaso lezakete. (d) Jasotzeko abisuarekin korreo zertifikatuaren bidezko notifikazioa. Aukera hau erabil daiteke epaileak egokitzat jotzen badu. Epaitza irmeak ezin dira notifikatu sistema honen bitartez. (e) Prokuradoreen bidezko notifikazioak. (f) Ediktuen bidezko notifikazioak. Interesdunaren helbide ezezaguna denean. Probintzia, Elkarte Autonomo zein Estatuko Boletin ofizialetan argitaratzea posiblea da.
Zitazioa, pertsona bati egiten zaion deia da, leku, egun eta ordu zehatz batean ager dadin. Ondorengo edukia izango du zitatzeko zedulak:
1. Erabakia hartu duen epailearen izena
2. Zitatu behar diren pertsonen izen-abizenak eta helbidea
3. Zitazioaren objektua
4. Lekua, eguna eta ordua
5. Joateko dagoen betebeharra eta ez agertzekotan egon litezkeen isunak
Pertsona bat agertzen ez bada beste zitazio bat egingo litzaioke. Hala eta guztiz ere agertuko ez balitz delitu baten aurrean koka gintezke, justiziari oztopatze delitua (epaiketa batean ez agertzekotan) edo desobedientzia delitua (diligentzi bat egikaritzeko epaitegian ez agertzeagatik).
Enplazamendua, pertsona bati egiten zaion deia da, leku zehatz batean ager dadin aldez aurretik zehaztutako epe batean. Orokorrean notifikazioei buruz esandako guztia aplikagarria suertatzen zaio enplazamenduari.
Errekerimenduen bidez norbaiti zerbait egitea edo egiteari uztea agintzen zaio. Interesdunari aginteak egiten duen probidentzia notifikatzen zaio eta idazkariak errekerimendua egin zaionaren diligentzia idatziko du. Hemen, aurreko komunikazio ekintzetan ez bezala, errekerituak egin dezaken erantzuna idatzi daiteke.
Beste organo judizial eta extrajudizialekin komunikazio ekintzak: askotan organo judizial batek beste organo baten laguntza behar du ekintza prozesal bat gauzatzeko. Honi kooperazio edo laguntza judiziala deitzen zaio. Laguntza hau komunikazio ekintzen bidez burutzen da. Botere Judizialaren Lege Organikoak epaile eta auzitegien arteko elkar laguntza eskatzen du. Kooperazio hau epaitegiko esparrutik kanpo edo bere konpetentziatik kanpo diligentziaren bat egin behar deneko suertatuko dira gehienetan.
H) Idazkaria bestalde estatistika judizialerako datuak biltzearen arduraduna da. Estatistika hau egitea Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren betebeharra da, baina datuen bilketa idazkari judizialak bete behar du bere epaitegian. Datu bilketa hau egiteko epaitegiko sistema informatikoa erabili dezake, eta baliabide informatikoak ez badaude, derrigorrez, erregistro liburuak. Estatistika boletinak 3 hilabetero betetzen dira. Datuak zehatzak eta egiazkoak izan beharko dute eta ixilpekoak dira.
I) Gordailu eta konsignazioen erantzunkizuna. Epaitegietan egon daitezkeen diru kopuruak, baloreak, kontsignazio eta fidantzak idazkari judizialaren menpe daude.
J) Liburuak eramatea eta zaintzea: Aipaturiko Araudi Organikoaren arabera idazkari judizialen menpe egongo dira ondorengo betebeharrak:
- Dagokion dokumentazio lana.
- Auto eta espedienteak burutzea.
- Epaileek erabakitako auziaz konstantzia uztea.
- Justizia Ministeritzak ezartzen dituen erregistro liburuak eramatea arauek agintzen duten moduan. Egun halako zenbait liburu aplikazio informatikoen bidez gauzatzen dira, baina bake epaitegi gehienetan liburuok eskuz idazten dituzte nahiz eta arazo multzoa sor dezaken sistema honek; kaligrafia akatsak, gaizki ikustea edo fotokopiak egiteko arazoak...