Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Botere Judizialaren Legeak profesionalak ez diren epaile legoek zerbitzatutako organo moduan eratzen ditu bake epaitegiak. Organo hauek funtzio jurisdikzionalak ezezik, erregistrokoak ere betetzen dituzte. Izan ere, Botere Judizialeko Lege Organikoak1 Erregistro Zibileko eskumenak Bake-Epaitegiei esleitzen dizkie beren eskumena gauzatzen duten udalerrietan. Baina zentzu honetan argitu behar da lehen auzialdiko epaileen mendekotasunez jarduten dutela. Lehen auzialdiko epaileak Udal-Erregistro Zibilen arduradunak dira, baina ordezkaritzaz eta berauen ikuskatze eta zuzendaritzaren menpe bake epaitegiek bere udal-eremuan beteko dute erregistro-funtzioa. Honela, lehen auzialdiko epaileek Erregistro Zibil nagusiak eramaten dituzte eta hauen menpe bake-epaitegirenak daude, edo beste hitz batzuetan esanda, azken hauek Erregistro Zibil ordezkariak dira. Dena den, batzuen eta besteen ahalmenak berdinak dira, erregistro-espedienteen izapideari dagokionez izan ezik.
1957ko ekainaren 8ko Erregistro Zibilaren Legeak eta 1958ko azaroaren 14ko Erregistro Zibilaren Erregelamenduak Erregistro Zibilari buruzko jarduera arautzen dute, eta, ulertzekoa denez, indarrean sartu zirenetik aldaketa kontaezin burutu dira. Gainera Justizia Ministerioaren Erregistro eta Notaritzaren Zuzendaritza Nagusiak hainbat erabaki, instrukzio eta zirkular eman behar izan ditu bi arau hauen edukia argitzeko, segurtasun juridikoa lortzeko eta gizarte-errealitatera moldatzeko helburuz.
Ikus ditzagun orain bake epaileek dituzten Erregistro Zibileko funtzioak. Honako hauek dira:
Bake epaileek ezin izango dute aipatutakoetatik desberdina den beste edozein idazpen bat egin, lehen auzialdiko epaile arduradunaren idatzitako instrukzio berezirik jasotzen ez badute, salbuespen batekin: premiazko egoeran denean izan ezik. Kasu hauetan Erregistro Zibilaren epaile arduradunari dagokio kalifikazioa egitea eta bake epaileak kalifikazio-irizpide hauen menpe egingo du inskripzioa. Edozein kasutan, Erregistroaren arduradunak ezarritako zeregin guztiak beteko dituzte.
Argazkia: sauceb.
http://www.flickr.com/photos/iscariote/128156670/
Ikus daitekeenez Erregistro Zibil delegatuek oso funtzio zehatzak eta mugatuak dituzte. Izan ere, mugaketa funtzional hau bake epaileei falta zaien formazio juridikoan oinarritzen da.2
Hasieran azaldu dugunez, bake epaileek lehen auzialdiko epaileen menpe jarduten dute. Honela izanik, bake epaileei erregistro-jardueran zehar sortutako dudak edo arazoak argitzea lehen auzialdiko epaileei dagokie. Hauek bake epaileen dudak argitu eta akatsak zuzenduko dituzte, eta beharrezkoa denean instrukzioak eman diezazkiekete haien zereginak bete ahal izateko. Izan ere, halabeharrezkoa denean, eta gutxienez urtean behin, beraien ardurapean dauden Erregistroak ikustatuko dituzte idazpen, artxibatutako dokumentuak eta eginbide guztiak aztertzeko eta funtzionamendu egokia lortzeko helburuz beharrezkoa dena egiteko.
Nolanahi ere, esan behar da aipatutako funtzioen zerrenda ez dela numerus clausus; badaude beste batzuk araudi honetan jasotzen ez direnak, hala nola, nazioarteko adopzioen inskripzioak edo izaera judiziala duten inskripzioak.
Honetaz aparte, azpimarratzekoa da erregistro-praktikan ez direla betiere legeak ezarritako arauak eta mugaketak errespetatzen.3 Kasu batzuetan, bake epaileek egoera zibileko borondatezko adierazpenak jasotzen dituzten aktak formalizatzen dituzte (filiazio-aitorpenak, onarpenak, izen-deituren aldaketak agerpen hutsagatik,...), nahiz eta hauen kalifikaziorako eskumenik ez izan. Beste kasu batzuetan erregistro delegatuek instrukzioa eskatzen diote arduradun nagusiari, telefono-bidezko informazio labur batean edo faxez bidalitako deklarazioaren aktaren kopia batean oinarrituz; gainera behin baino gehiagotan instrukzioa ez da idatzizkoa (arauak eskatzen duen bezala), eta ez da epaile arduradunaren zuzenekoa ere.
Legeak aurreikusten du Erregistro zibila 4 ataletan banatzen dela: lehengoa, “Jaiotzak eta orokorra”; bigarrena, “Ezkontzak”; hirugarrena, “Heriotzak”; eta laugarrena, “Tutoretzak eta legezko ordezkaritzak”.4 Atal bakoitza liburu desberdin batean eramaten da.
Baina bake epaileen ardurapean dauden erregistroetan aipatutakoetako lehenengo hiru atalak baino ez dira5. Beraz, Udal-Erregistroetan ez dago 4. atala (“Tutoretzak eta legezko ordezkaritzak”). Izan ere, 4. atala bakarra izango da barruti judizial osorako eta lehen auzialdiko epailearen esku egongo da, hots, Erregistro Zibil nagusietan bakarrik dago.
Atal bakoitzaren barruan liburuak edo tomoak dira. Berauek atal bakoitzerako eredu normalizatu berezian liburuak dira; hau da, liburu normalizatuak dira. Liburu berezi hauetan gauzatzen diren egoera zibilari buruzko egitateak (inskribatu beharrekoak) inskribatzen dira, bata bestearen segidan eta zenbakia ipiniz. Erregistro Zibilari egitate edo egoera zibil bakoitzaren adierazpenak nahiz tituluak jakinarazten zaizkion ahala, inskripzioak elkarren segidan burutzen dira.
Argazkia: umjanedoan.
http://www.flickr.com/photos/umjanedoan/497374920/
Inskripzioak egiteko hizkuntzari dagokionez ekainaren 22ko 12/2005 legearen ondorioz, hizkuntza ofizial propioa duten autonomia erkidegoetan Erregistro Zibilaren orriak bi hizkuntza ofizialetan (gazteleraz eta bestean) antolatu behar dira. Idazpenak gazteleraz edo erregistro zibila dagoen autonomia erkidegoko berezko hizkuntza ofizialean egingo dira, adierazpena zein hizkuntzatan egin den edo aurkezten den agiria zein hizkuntzatan idatzita dagoen.
Inskripzioen liburuetaz gain Liburu Osagarriak daude: Eguneko Liburua, non dokumentu guztien sarrera eta irteera, zuzeneko inskripzioa ekartzen ez duten adierazpenak eta idazpen marjinalen eguna, tomoa eta orrialdea jasotzen diren; Pertsonal eta Inbentarioko Liburua, non alde batetik, Liburuak, legajoak, eta artxibatutako gainerako objektuak, eta bestetik, Erregistro Zibileko langileen kargu-edukitze eta uztea eta ordezkapenak zehazten diren.
Bestalde, bake epaileen menpeko erregistro zibiletan paper-sortak (legajoak) daude. Paper-sortak artxibatutako dokumentuak dira, kontserbatu behar direnak, jaiotza, ezkontza edo heriotza-inskripzioak edo inskripzio marjinalak egiteko oinarria izan zirelako. Beraz, eta gorago esandakoa kontuan harturik, bake epaitegien Erregistro Zibiletan hurrengo paper-sorta (legajo) daude: jaiotzen paper-sorta, ezkontza kanonikoen paper-sorta, heriotzen paper-sorta, inskripzio marjinalen paper-sorta, ezkontza zibilen paper-sorta, eta bestelako dokumentu, agindu, zirkular edo jakinarazpenen paper-sorta.
Erregistro Zibileko Liburuak eskuz idatziak dira eta ez da harritzekoa ohiturazko sistema honek arazo itzelak ekartzea. Hasteko, Liburu bakoitza original eta bakarra izanik, agertzen diren inskripzioak eta datuak desagertzeko arriskuaren menpe daude, adibidez uholde edo suteak direla kausa. Honetaz gain, askotan liburuak ez daude artxiboetan ondo kontserbatzeko egoerarik onenetan, inskripzioak egin zituen pertsonaren idazkera ez da batere argia edo liburua oso narriatuta dago liburuaren papera edo idazkia egiteko erabilitako tinta kalitate eskasekoa delako. Honek datuak eta inskripzioak ulertzeko arazoak dakartza, eta baita ikusteko ere.
Eskuz idatzitako sistema aspaldian eraginkorra izan bazen ere, argi dago ez datorrela bat gaur egungo premiekin. Estatuak, Justizia Administrazioak, hain zuzen ere, hemen aipatu diren arazoak konpontzeko teknologia berriak ditu. Gaur egun informatika Justiziaren, eta aldi berean Erregistro Zibilaren eraginkortasuna lortzeko oinarrizko baliabidea da.
Erregistro Zibilaren informatizazioaren lehenengo pausua 1986. urteko Errege-Dekretu batean6 aurkitzen dugu. Honek Justizia Ministerioari ahalbidetzen zion, Liburuen kontserbazioari utzi gabe, Erregistroen informatizazioa eta ordenagailu-bidezko ziurtagirien ematea erabakitzeko. Ondoren, azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoak Erregistro Zibila oinarri juridikoa ezarri zuen (Erregistro Zibilaren Legea aldatuz), erregistro-inskripzioen tratamendu automatizatua errealitate bihurtu ahal izateko. Aipatutako bi aurreikuspenen ondorioz, 1999ko Justizia Ministerioaren Aginduak7 eremu juridiko orokorra zehaztu zuen, informatizazioaren objektibo eta helburuak, Liburuak eramateko era, datu-base zentral baten sorrera, e.a. zehaztuz.
Aginduaren aurreikuspenen fruitua INFOREG aplikazio informatikoa da, Espainiako Erregistro Zibil nagusi gehienetan martxan dagoena. INFOREG aplikazioari esker gaur egun posibleak dira, besteak beste, idazpenak erredaktatzean testu-tratamendua erabiltzea, publizitatearen eraginkortasuna lortzeko helburuz datuak biltzea eta Erregistro Zibil desberdinen Atal desberdinetan inskribatutako pertsona bereko datuen lotura lortzea.
Honetaz aparte, gorago aipatu dugun aginduak beste helburu bat jasotzen zuen: bake epaileen ardurapean dauden Erregistro Zibil Ordezkariak informatizatzea, aurrekontu-baliabideen araberakoak egingo zena. Baina funtzio hau ez zegoen sartuta INFOREG aplikazioaren lehen bertsioetan; horregatik hutsune hau betetzeko Justizia Ministerioak hitzarmen bat8 sinatu du Red.es Enpresa-Erakunde Publikoarekin, “on line Erregistro Zibila” programa martxan jartzeko. Honetan aurreikusten da eskuz idatzitako liburuen digitalizazioa eta grabazioa, bai Erregistro Zibil nagusietan, bai ordezkarietan. Bestalde, hitzarmenean Justizia Ministerioak burutu beharreko jarduerak aipatzen dira, Erregistro Zibil guztien ekipamendu-hornidura eta konektibitatea osatzeko. Baina honetarako beharrezkoa izango da INFOREG aplikazioa egokitzea, erregistro-inskripzio guztien kudeaketa digitala errazteko eta Erregistro Zibil delegatuen ezaugarri bereziei moldatzeko helburuz.
Bibliografia
1 Botere Judizialaren Lege organikoaren 100 art.
2 Honela adierazten da Erregistroen eta Notaritzaren Zuzendaritza Orokorrak 2008ko maiatzaren 28ko Instrukzioan.
3 Honela uzten du nabarian Erregistroen eta Notaritzaren Zuzendaritza Orokorrak 2008ko maiatzaren 28ko Instrukzioan.
4 Erregistro Zibilaren Legearen 33 art.
5 Honela adierazten da Erregistro Zibilaren Legearen 16 artikuluan: “jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak inskribatuko dira horiek zein tokitan jazo eta toki horretako Udal Erregistroetan edo Kontsulatuko Erregistroetan”.
6 Abuztuaren 29ko 1917/1986 Errege-Dekretuan, hain zuzen, Erregistro Zibilaren 105 artikulua aldatzen zuena.
7 Uztailaren 19ko 1999ko Justizia Ministerioaren Agindua, Erregistro Zibilen informatizazioari buruzkoa. Agindu hau Murtziako Erregistro Zibilean praktikan jarritako plan pilotuan oinarritu zen.
82006ko Maiatzaren 17ko Lankidetzako eremu-Hitzarmena.