Antxon AGUIRRE SORONDO
KEIXART
Jabier Iraeta Otamendi
Zubitxo, 16. 2-B. pab.
Telleriarte auzoa
20230 LEGAZPI / GIPUZKOA
Tel. 943 73 19 71 / 667 95 68 31
Posta elektronikoa: info@keixart.com;
keixart@keixart.com
Web orria: www.keixart.com
Egurra tailatzen duten artisauez hitz egin dugu aurretik. Interesa duen irakurleak historia eta euskal etnografiaren inguruko informazioa aurkituko du fitxa horietan. Bilaketa lanetan laguntzeko, esangi dugu hurrengo EUSKONEWS hauetan aurki daitezkeela: 166, 217, 243, 263, 279, 301, 319, 331, 343 y 425.
Artisau honen tailerra bisitatzen denean, atentzioa deitzen duen lehenengo gauza piezen ugaritasuna da. Euskal artisauen artean produktu gehien dituenetako bat dela esan dezaket. Artisau hau Javier Iraeta Otamendi da.
Jabier Iraeta Otamendi Itsason (Gipuzkoan) jaio zen 1959ko abenduaren 21ean, eta hamaika anai-arrebetan bederatzigarrena da.
Ikasketak jaioterrian hasi, eta gero Gipuzkoan bertan, Gabirian eta Zumarragan, jarraitu zituen, harik eta 13 urte zituenean aitarekin igeltserotza lanetan hasi zen arte, arreta berezia eskainiz zurezko eraberritze eta eraikuntzei: sabaiak, habeak, teilatuak, etab. Orduan hasi zen egurrarekin harremanetan. Han ikasi zituen zur motak bereizten edota egurraren gorabeherak ezagutzen (garai desegokian moztutakoa, ondo lehortu gabea, etab.).
2000. urtean Jabierren enpresa, Iraeta Eraikuntzak, itxi egin zen, eta gure eskulangileak hainbat saio egin zituen bere benetako bokazioa zen eremuan, artisautzan, besteak beste buztingintza, Tifanny beira eta egurrezko tailak landuz.
2007an KEIXART (gereziondoz eginiko artea) izeneko enpresa sortu zuen, soil-soilik zurezko lanak, batez ere grabatuak eta tailatze-lanak, egiteko.
1979an Legazpiko Mertxe Uribeetxeberriarekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba dituzte: Mikel (1981ean jaioa) eta Intza (1992).
Bere web orrian ikus daitekeenez, eskuz egindako lanei dagokienean, katalogo zabalenetakoa duen artisauaren aurrean gaude:
Artisaua bezeroaren gustuetara ere egokitzen da, proiektua burutu aurretik argazkian ikusteko aukera eskainiz.
Eskulanak edozein hizkuntzetan egiten ditu (interpretazio- edo itzulpen-arazoak saihesteko, bezeroak berak bidali behar ditu testuak).
Bitxikeria modura esan dezagun Jabierrek egindako lanik handiena 5 x 2,3 metroko panel bat izan dela, landareez horniturik etxe partikular baterako zizelatua.
Hala dio Jabierrek: “Urrezko ezteiak, zilarrezkoak eta antzekoak ospatzeko prestatzen ditudan tailekin gozatzen dut gehien-gehiena. Horietan, omendutakoen baserriez gain, bertsoak eta eskaintzak ere tailatzen dira”.
Ondo gogoan du mutil batek neskalagunarenganako maitasuna erakusteko astigarrez eginarazi zidan lan bitxia: 2 usapal bihotz banarekin eta neska-mutilen izenak aurretik, eta atzean mutilak neskari egiten zion maitasun-adierazpena.
Egiten dituen lanak Internet bidez, hainbat dendetan, bere lantegian eta joaten den azoketan saltzen ditu.
Lanerako pagoa, gaztainondoa, astigarra, pinua edo bezeroak eskatu edo eramango dion beste edozein zur erabiltzen badu ere, Jabierri haritzarekin lan egitea gustatzen zaio.
Jabierrentzat haritza da basoko errege, eta pagoa erregina.
Pieza handietarako taula estrabedunak, lekedatuak eta mihiztatuak erabiltzen ditu, egonkorragoak direlako. Zur estrabeduna jadanik kalibratua eta tratatua egoten da, eta banatzaileari erosten dio.
Koadroetarako haritz-, pago-, pinu-, astigar- edo gerezi-pieza birxaflatuak erabiltzen ditu, baita egur trinkoa ere.
Zur guztia (oholak) zerrategi berean erosten du, garai egokian moztutakoa eta behar bezala lehortutakoa dela ziurtatzen diolako, bi baldintza horiek betetzen ez badira, lana amaitutakoan piezak pitzatzeko edo okertzeko arriskua baitago.
Pieza guztiek bi berniz-geruza izaten dituzte: berniz ekologikoari dagokiona bata eta berniz sintetikoari edo poliuretanoari dagokiona bestea. Lan horietako batzuk intxaur-, haritz- edo gerezi-argizari naturalez ezkoztatu ohi dira. Ezkoak oso ukitu berezia ematen dio tailari, eskuz eginiko lana eta egurraren zainak nabarmentzen baititu.
Lan horiek guztiak egiteko bi fresatzeko makina, lixagailuak, lodiera-makina, marrusketak, daratuluak, motozerra, zinta-zerra eta alakagailu bat ditu.
Zirriborroa oinarritzat hartuta, ordenagailuan eskanerretik pasatu eta hainbat programa informatikoren bitartez lana antolatzen du. “Lan hori egiteko denbora asko behar da”, esan digu Jabierrek.
Jarraian, bezeroak behar dituen neurrietara egokitu eta kanpoko itxura ematen zaio eskatutako piezari.
Sistema horrek marra kurbatuak, zuzenak, etab. erabiltzeko aukera ugari ematen dio artisauari.
Egurra tailatuz, zirriborroari buruzko frogak egiten ditu aldeak edo akatsak zuzentzeko, eta ondo dagoenean argazkia bidaltzen zaio bezeroari, lana nola geldituko den erakutsiz.
Bezeroaren onespena jasotakoan, pieza tailatu eta eskuz, gubiarekin, azken ukituak ematen zaizkio. Lixa mota ezberdinez (60kotik hasi eta 240koraino) pieza lixatu eta azken eskualdia ematen zaio, berniz edo esmalte sintetikoak edo ekologikoak erabiliz, edo tonalitate desberdinetako argizari naturalekin.
Soil-soilik eskuz egiten dituen lanetarako eta lantegitik irteten diren pieza guztien amaierarako, tresna sorta handia du: gubiak, trintxak, tailagileen hainbat zur-mailu, arraspak, metroak, konpasak, eskuairak, sarjentak, esku-zerra, arku-zerra, kurrikak, bihurkinak, giltza ingelesak, zurgin-mailua, belarriduna, nylonezkoa, boladuna, galgak, kalibreak, hortzak, bastrelak, grapagailuak, kurba-moldeak, marrusketak, garlopak, garlopatxoak, hainbat neurritako sarjentak, etab.
Ebaketa-tresnen jatorriari dagokionez, Jabierrek nahiago omen ditu Alemaniakoak, kalitate handiagokoak direlako. Azpeitiko enpresa espezializatu batera bidaltzen dituen makinetako fresak izan ezik, gainerakoak berak zorrozten ditu: lehenbizi esmerilagailu elektrikoan eta amaieran zorrotzarri oliodunean.
Irakurleen iritziak: