Yosu Goñi
Zeramikazko eskulturak eta artisautza

Antxon AGUIRRE SORONDO

Yosu Goñi Larrañaga
Galan doktorearen kalea, 1-1 A
San Jorge auzoa
31012 IRUÑA

Yosu Goñi

Sarrera

Beharbada, batzuetan, fitxa honen irakurleei gaia artisaua baino gehiago interesatuko zaie. Beraz, aurreko aleetan gurekin izan ditugun arlo bereko beste artisau batzuk ere aipatzea lagungarria eta interesgarria iruditzen zait. EUSKONEWSen, orain arte, eltzegintzaren, zeramikaren eta portzelanaren munduari buruzko fitxa hauek argitaratu ditugu:

- Elena Txintxurreta, euskal eltzegintza (160 zk.).
- Daniel Fioramante, buztinaren eskultorea (164 zk.).
- Luz Ares, “hari idorreko” zeramikaria (196 zk.).
- Fernando Aguirre, eskultura erregogorrak (233 zk.).
- Paco Presa, mosaikoetan aditua (255 zk.).
- María Pilar Ansa, buztinezko figurak (257 zk.).
- Blanka Gómez, euskal eltzegintza (327 zk.).
- Marta Gómez, zeramika artistikoa (333 zk.).
- Kaki Hernández, buztinezko pieza txikiak (375 zk.).
- Conchi Laca, portzelanazko piezen diseinua (429 zk.).
- Carmen Pérez, zeramikazko eskulturak, eta erregogorrak, tornu-lanak (545 zk.).

Aipatutako fitxetan, kasuan kasuko elementuari buruzko datu historikoak eta teknikoak aurkituko ditu irakurleak.

Gaur, artisau polifazetiko bat datorkigu. Geroago ikusiko dugunez, era guztietako elementuak erabiltzen ditu.

Artisaua

Yosu Goñi

Gure artisaua Imarkoainen (Nafarroan) jaio zen, 1960ko maiatzaren 18an. Sei anaia-arrebetatik laugarrena zen, eta gurasoak nekazariak ziren.

Lehen mailako ikasketak burutu ondoren, eskulanetarako zaletasun izugarria zuenez, eltzegile-ofizioa ikasi zuen Subitzan (Nafarroan), Timoteo Palenciarekin. Subitzako azken eltzegilea zen Timoteo, baina, antzina, 14 sendi eltzegile baino gehiago zeuden herrian.

Gerora, eltzegintan trebatzen jarraitu zuen Irunberrin (Nafarroan), Justo Goyenecherekin.

Soldadutza Talaveran egin zuen, eta han ere eltzegintzako ezagutzetan, tornu-lanetan, sakontzen jarraitu zuen.

Madrilen, Enrique Mur irakasleak eskultura-eskolak eman zizkion. Iruñera itzuli eta beste bost urte egin zituen ikasten, Arte eta Ofizioen Eskolan. Miguel Bos izan zen irakaslea. 1984an, ikaslerik onenaren saria eman zioten

Prestakuntza burutu eta gero, zeramikagintzan eta eltzegintzan hasi zen, bolumenak, eskulturak eta tornu-lanak eginez.

Eltzegintzari buruzko ikastaroak eman ditu: bi urtez Potasasko (Nafarroako) astialdi-geletan, eta 14 urtez Iruñeko Udalaren Heziketa Eskolan.

Bere lanen erakusketak oso ugariak izan dira Nafarroako herrietan.

Helburu humanitarioei lotutako ekimenetan gehien parte hartzen duen artistetako bat dugu.

Yosu Goñi

Produktuak

Hainbat eratako produktuak egiten ditu:

1. Eskulturak: mota askotako materialez sortuak. Oro har, buztin erregogorrak erabiltzen ditu.

2. Tornu-lanak: pitxerrak, platerak eta bestelako piezak, gehienetan handiak. Tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu.

3. Artisautzakoak: zeramika-piezak ez ezik, bestelako elementuak ere erabiltzen ditu (hezurra, egurra, metala, etab.). Era guztietako objektuak egiten ditu, besteak beste, eraztunak, belarritakoak, apaingarriak eta eskumuturrekoak.

Prozesuak

Yosu Goñi

Prozesua kasuan kasuko produktuaren araberakoa izaten den arren, urratsak berberak dira beti: oinarrizko ideia, marrazkiak edo diseinuak eta fabrikazio-prozesua. Azken urratsari dagokionez, lehenbizi, materiala prestatzen du, eta, gero, produktua egin eta gogortu (beharrezkoa bada, labean). Azkenik, margotu eta/edo piezaren gainerako atalekin gardeinatzen edo bateratzen du.

Tornu erromatar bat egin du, jai erromatarretan erabiltzeko, eta Erdi Aroko beste bat ere bai, Erdi Aroko jaietarako. Tailerrean, tornu moderno elektrikoa erabiltzen du.

Era berean, egurrez edo gasez funtzionatzen duen labea dauka, eta eskulturak bertan egozten ditu.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media