Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko Ikaskuntzako Kongresuak, 1918-2005

1918. urtean, Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresua burutu zen Oñatin. Gertaera historikoa izan zen hura, izan ere, “ikaskuntzarekiko eta herrialdearekiko” zaletasunak bultzaturik, ideologia eta iritzi guztietako intelektual talde handi bat lehen aldiz elkartu baitzen, euskal gizarteari eta kulturari buruzko esperientziak, gogoetak eta ikerketak elkarren artean trukatzeko.

Harrezkero eta gaur egunera arte –Gerra Zibileko eta diktadura-garaiko etenaldi luzea kontuan hartu gabe–, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak ohiko maiztasunez burutu izan dira, Eusko Ikaskuntza elkarteak antolaturik, estrategia bikoitzarekin: ikerketa eta kultura bultzatzea, alde batetik, eta, etorkizuneko aurrerakuntzari buruzko erronkei aurre hartuz, gizartearen benetako premiei behar bezalako arreta eskaintzea, bestetik.

Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua (1918)

Lau euskal Aldundietako ahaldun nagusiek eta Gasteizko, Iruñako eta Baionako gotzainek osatutako batzordeak, Oñatiko Unibertsitatean 1918ko irailaren 1etik 8ra bitartean Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresua burutzeko deialdia egin zuten. Batzarrerako honako helburu hauek finkatu ziren: euskal kultura zabaltzea eta, herrialdeari begira, zientzia-arloko eta eguneroko zenbait arazo aztertu eta horiei buruzko konponbideak proposatzea. Horretarako zazpi batzorde txostengile eratu ziren, honako arlo hauetan: Arraza (gaur egungo Antropologiaren baliokidea), Hizkuntza, Historia, Artea, Irakaskuntza, Politika eta Gizarte Zientziak eta Euskal Ikaskuntzak. Alfontso XIII.a erregea izan zen ohorezko lehendakari eta hasierako ekitaldian egonez Batzarra goretsi egin zuen. Jardunaldi akademikoekin batera, beste zenbait emanaldi ere burutu ziren: antzerki-emanaldiak, elizkizunak, kontzertuak, dantzaldiak, jaialdiak, etab.

Lehen Kongresu haren emaitza nagusia, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundiek 1918. urte hartako abenduan sortu eta gaur egunera arte iraun duen Eusko Ikaskuntza elkartea izan zen; hain zuzen ere, batzarreko lanari iraunkortasuna emateko eta berpizkunde kulturalean erakunde bateratzaile eta zuzentzaile modura jarduteko sortu zen elkartea. Hilabete batzuk geroago, Eusko Ikaskuntzaren ondorengo modura eta batzarrean hitzartutakoa betez, Euskararen Akademia, Euskaltzaindia, sortu zen.

Ohorezko aurreskua Eusko Ikaskuntzaren lehenengo kongresuan

Ohorezko aurreskua Eusko Ikaskuntzaren lehenengo kongresuan. Oñati 1918.

II. Kongresua (1920)

Iruñean burutu zen 1920ko uztailaren 18tik 23ra bitartean, eta lehenengo aldiz gai-esparru zehatza izan zuen: irakaskuntza eta gai ekonomiko eta sozialak. Azken epigrafe hori bost ataletan banatu zen: Estatistika, Lehorreko eta itsasoko arazoak, Etxebizitza, Aseguruak, eta Kapitala eta Bankuak.

Agian ez zuen aurrekoak adinako ospe eta zirrararik eragin, baina II. Kongresuan oso maila handiko partaideak izan ziren: Maria Maeztu, Ricardo Bastida, Juan Zaragüeta, Domingo Miral, Arturo Campión, etab. Alfontso XIII.a erregea izan zen amaiera-ekitaldiko buru.

III. Kongresua (1922)

Tentsio politiko handiko testuinguruan, Eusko Ikaskuntzaren III. Batzarra Gernikan burutu zen 1922ko irailaren 10etik 17ra bitartean, Hizkuntza eta Irakaskuntza gaitzat hartuta.

Berriro ere, txostengileen lan bikaina nabarmentzeko modukoa izan zen, mundu guztiko euskalari ospetsuenak elkartu zirelarik. Bereziki garrantzitsua izan zen Alemaniako unibertsitateetako ordezkaritza. Flandes edo Gales bezalako lurralde eleanitzetako hainbat hezkuntza-esperientzia ere aditzera eman ziren.

IV. Kongresua (1926)

Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorrak, era monografikoan gai autonomikoak jorratuko zituen Eusko Ikaskuntzaren IV. Kongresua iragarri zuen 1924ko uztailerako. 1923ko estatu-kolpeak, ordea, Primo de Rivera jenerala buru izango zuen diktadura militarra ezarri zuen, eta horren ondorioz Batzarreko gaia aldatu egin behar zen.

Azkenean, Lanbide Orientazioa eta Irakaskuntza gaiari buruzko Batzarra, Arabako hiriburuan bertan egin zen 1926ko uztailaren 25etik abuztuaren 1era bitartean, eta bertan irakaskuntza-alor desberdinetako erakundeetako ordezkariek, Euskal Herrikoak nahiz Euskal Herritik kanpokoak, parte hartu zuten.

V. Kongresua (1930)

Diktadura bete-betean, Espainian erregimen-aldaketa hurbil zegoela sumatzen zenean, hainbat aldiz atzeratutako Autonomiari buruzko Batzarra antolatzea egokia izango ote zenari buruzko eztabaida egin zen Eusko Ikaskuntzaren barruan. Baina oraingoan ere asmoa ez zen mamitu, eta hilabete batzuk geroago Elkarteak prestatu zuen Autonomia Estatutuaren Aurreproiektu txostena (Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra, 1931ko maiatzekoa), era horretako Batzarretan zalantza izpirik gabe izan ohi diren gogoeta eta azterketa ugarien onurarik gabe gelditu zen.

Kontua da, 1930eko abuztuaren 31tik irailaren 8ra bitartean, Euskal Arte Herrikoia jorratu zela Bergaran. Berrikuntza modura, egitarauaren barruan zeuden Haur Euskaldunaren Eguna, Emakumeak Euskarari eginiko Omenaldia eta Euskararen Eguna.

VI. Kongresua (1934)

Idoia Estornes historialariak “ez ohiko batzarra” izan zela iritzi zion, bi arrazoi argudiatuz. Lehen-lehenik, Medikuntza eta Natur Zientziak bezalako bi gai hain desberdin landu zirelako, batzarra Basurtoko Ospitaleko mediku-taldearen eta Eusko Ikaskuntzaren artean antolatu zelarik. Eta bigarrenik, inolako agintaririk gabe eta matxinada-giroan burutu zelako, udalek Zumarragan egin berri zuten batzarraren ondorengo egunetan eta 1934ko Urriko Iraultza piztu baino hilabete lehenago.

Batzarraldiak Bilbon egin ziren irailaren 10etik 15era bitartean, eta jai-egitaraua bertan behera utzi zuten.

VII. Kongresua (1948)

1936. urtearen ondoren, Eusko Ikaskuntzaren jarduera geldiarazi egin zen penintsula barruan. Mundu Gerraren ostean, mundu guztian barreiatutako intelektual, aditu eta euskalariak Biarritzen elkartu ziren 1948an, irailaren 12tik 19ra bitartean, Eusko Ikaskuntzaren VII. Batzarra burutzeko. Batzar hartan, kulturak, hizkuntzak, ekonomiak, industriak eta zientziek hamarkada tragiko baten ondoren Euskal Herrian bizi zuten egoera aztertu zen. Batzarrak honako goiburu hau izan zuen: “Ez dadila hil euskal arima”. Erbesteratutako Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuen ekonomia, teknika eta giza alorretan.

Eusko Ikaskuntzaren VII. kongresuko inaugurazio ekitaldia Biarritzeko Miramar hotelean

Eusko Ikaskuntzaren VII. kongresuko inaugurazio ekitaldia Biarritzeko Miramar hotelean. 1948. urtea. José Miguel de Barandiaran lehendakariaren agurra euskaraz.

VIII. Kongresua (1954)

Sei urte geroago, 1954ko uztaila eta iraila bitartean, Baiona eta Uztaritze izan ziren Eusko Ikaskuntzaren VIII. Batzarraren egoitzak. Batzar hari “urritasunaren batzarra” ere esan zitzaion, antolatzaileek oso bitarteko gutxi izan zituztelako. Euskal hizkuntza eta kultura: nola gorde eta nola garatu goiburupean, aurkeztutako txosten eta adierazpen ugariak, hainbat ataletan sailkatu ziren: Literatura, Euskal Antzerkia, Historia eta Giza Geografia, Artea, Nekazaritza, Euskal Idazleak, Hizkuntzaren Babesa, Erlijioa, Museologia, Euskal Emigrazioa eta Hedapena, Historiaurrea eta Etnologia, Toponimia, Bibliografia eta Medikuntza. Orduko giroaren adierazgarri modura, hona hemen batzarkideek batzarraren amaieran egin zuten deia: “Erne euskaldunok: euskara hiltzeko arriskuan dago”.

IX. Kongresua (1983)

Lau hamarkadetako debekuaren ostean, Eusko Ikaskuntzak 1978ko irailean berrekin zion bere jarduerari Oñatiko Unibertsitatean, hirurogei urte lehenago Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresuko egoitza izan zen eraikin errenazentistan.

Bost urte geroago (1983ko urriaren 24tik 29ra bitartean), Batzar berri bat, bederatzigarrena, iragarri ahal izan zuen Bilbon. Egungo euskal gizartearen hurbileko aurrekariak. XVIII. eta XIX. mendeak goiburupean, Batzarrak euskal gizartea bere maila guztietan eta gizarte horren egungo egitura aztertzea erabaki zuen.

X. Kongresua (1987)

Laurogeiko hamarkadan, Eusko Ikaskuntza herrialdeko dokumentu-gordailuak antolatu eta zabaltzen ahalegindu zen, ikerketa lanetarako oinarri-oinarrizko zeregina zela eta behar baino arreta gutxiago ematen zitzaiola uste baitzuen. Testuinguru horretan, Eusko Ikaskuntzaren X. Kongresua iragarri zuen Iruñean 1987ko apirilaren 21etik 25era bitartean, Artxiboak, Bibliotekak eta Museoak izenburuarekin.

Alde batetik, teknikari, erakundeetako ordezkari eta adituez gain, artxibo, biblioteka eta museotako zuzendariak gonbidatu ziren, biltegi horien guztien eginkizuna eta diseinua azter zezaten. Bestetik, erakundeak hamabi txosten eskatu zituen beste autonomia erkidego batzuetan burututako esperientziak ezagutzeko. Horrekin batera, euskal lurralde bakoitzeko artxibo, biblioteka eta museotako egoera ere aurkeztu zen.

XI. Kongresua (1991)

Europako Ekonomia Erkidegoko kide bilakatu ondoren, Eusko Ikaskuntzaren XI. Batzarrak gertaera horrek euskal erkidegoetan izan zitzakeen ondorio sozial eta kulturalak aztertu zituen. Kultur adierazpen berriak: Euskal Herria eta Europa epigrafetzat zuela, Batzarra Donostian gauzatu zen 1991ko urriaren 7tik 11ra bitartean. Elkarteak kultura-munduko pertsona ospetsuak, erakunde publiko eta pribatuen ordezkariak eta gizarte zibilarenak gonbidatu zituen, honako hiru kontzeptu handiei buruz eztabaidatzeko: Zibilizazioa, hizkuntza eta kultura-elkargunea; XVIII. mendetik XXI.era, Euskal Herriak edo Euskal Herriari eginiko ekarpen eta mailegu kulturalak Kultura eta Zibilizazio arloetan; Estatuak eta Herriak Europako egungo kultura-esparruan: kultura-ereduak.

XII. Kongresua (1993)

1993. urtearen amaieran, Eusko Ikaskuntzak aurreko batzarretan behin baino gehiagotan jorratutako gaiari, hezkuntzari, heldu zion berriro. Euskal Herriko hezkuntzaren egoera aztertzeko, bereziki erreforma-planei zegokienean, eta euskal ikerlanen alorrean ezaguerak eta esperientzia pedagogikoak eguneratzeko asmoz, Gasteizen burututako XII. Batzarrak topaketa- eta eztabaida-foru bikaina eskaini zien zientzialari eta hezitzaileei.

XIII. Kongresua (1995)

Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, Eusko Ikaskuntza inplikatzen ari zen Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Zientzia eta Teknologia sistemari buruzko ikerketa-lanetan eta gai horiek ikastaroen bidez zabaldu eta irakasteko zereginetan.

Eusko Ikaskuntzaren XIII. Batzarra Zamudioko Teknologia Parkean egin zen 1995eko azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean, Zientzia, teknologia eta gizarte aldaketa Euskal Herrian izenburupean. Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sistemaren egoera aztertu eta, emaitzen arabera, sistema horren eraginkortasuna areagotzeko zenbait gomendio luzatzea proposatu zen.

I, X eta XVI. Kongresuetako kartelak

I, X eta XVI. Kongresuetako kartelak.

XIV. Kongresua (1997)

Informazioaren Gizartea ardatz modura harturik, Eusko Ikaskuntzaren XIV. Batzarra 1997ko azaroaren 25etik 27ra bitartean burutu zen. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Baiona eta Madril bideokonferentzia bitartez elkartuz, egoitza anitzetan egin zen lehen batzarra izan zen, eta Internet bidez ere jaso ahal izan zen haren berri.

Batzarreko ondorioetan, komunikazioaren teknologia-arloan inbertsioak egiteko eta euskal kultura eta zientzia plataforma sortu berrietan egokitu asmoz zegozkien edukiak sortzeko eskaria egin zen. Mandatu hori betez, Eusko Ikaskuntzak abian jarri zituen Internet bidezko lehen hezkuntza-programak eta kulturari eta zientziari buruzko Euskonews asteroko aldizkaria argitaratzen ere hasi zen.

XV. Kongresua (2001)

XXI. mendeko lehen Batzarrean, Arteak, Kulturak eta Zientziak Euskal Herrian zuten egoerari buruzko azterketa sakona egin zen, azken iraultza teknologikoak sortutako esparruan eta gizarte, instituzio eta politika arloetako koordenatu berrien barruan. Arreta bereziaz aztertu ziren etorkizunari begira garrantzitsuak izango diren bi gai: Europa berrian txertatzea eta gizarte-mugimenduen egoera Euskal Herrian.

2001eko azaroaren 28tik 30era bitartean, Donostiako Kursaal Jauregian aztertu ziren sei atal handitan banatutako lanak: 1. Etorkizuna gure iraganarentzat: berrikuntzak Antropologiaren eta Kultur Ondarearen alorretan. 2. Euskal Herria Europa berrian. Historiaren eta Zuzenbidearen ikuspegitik sortutako ikusmoldea. 3. Gizarte zibilaren ahotsa Euskal Herrian. Eragile berriak eta gizarte-aldaketa milurteko berriaren hasieran. 4. Literatura eta Arte Eszenikoak. 5. Arte plastikoak. 6. Ezagueraren gizartea eta Euskal Herria. Egungo egoera eta etorkizuneko aukerak.

XVI. Kongresua (2005)

2004ko urtearen hasieran, Eusko Ikaskuntzak abian jarri zuen garapen iraunkorrari buruzko diziplina anitzen arteko proiektu berezi bat. Horretarako, sei lantalde eratu eta Garapen Iraunkorrari buruzko azterketa zehatza egiteari ekin zitzaion. Hasiera batean, sei talde horiek bi galdera finkatu zituzten gogoetarako helburu modura: zer gertatzen da? eta nolako eragina du guregan? Diagnostiko hori izango zen haien ekarpen berezia Garapen Iraunkorra-IT. Etorkizuna goiburupean Bilbon 2005eko azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean burututako Eusko Ikaskuntzaren XVI. Batzarrerako.

Aldi berean, Euskal Herriko hiru unibertsitateetatik etorritako berrehun gazte inguruk egungo garapen-ereduari buruzko eztabaida-forua egin zuten.

 

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media