Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Azaroaren 18tik 20ra, Gizartearen aurrerapen iraunkorrerako berrikuntzaren inguruko adituen ordezkaritza handia bilduko du Gasteizen Eusko Ikaskuntzaren XVII. Biltzarrak.
Berrikuntza izango da biltzarraren abiapuntua eta eragilea. Diziplinarteko ikuspegitik, garapen iraunkorreko eredu berrien inguruan gogoeta egin nahi da, eta etengabe aldatzen ari den gizarte honi erantzunak eskaini.
Forman eta funtsean berritu nahi da. Biltzarra 9 ardatzetan egituratuta egongo da, eta osoko bilkuren bitartez garatuko da, baita mahai-inguruen, erakusketen, lehiaketen, komunikazioen eta abarren bitartez ere. Sormenerako eta errealitatea eraldatzeko beharrezko erreminta gisa, zientzia-ezagutza eta esperientzia uztartzen saiatuko dira. Baina, ez da ahaztu behar aurrerapenak alderdi soziala ere baduela, izan ere, pertsonen bizitzan eragin handia du.
Benetan eta era iraunkorrean aurrera egiten duen gizarteak aintzat hartu beharko du pertsonen garrantzia, eta horien ongizatearen eta bizitza-baldintzen, berdintasunaren eta gizarte-ontasunen (hala nola, aisialdiaren, kulturaren, enpleguaren, hezkuntzaren eta parte-hartze sozialaren eta politikoaren) inguruan gogoeta egin.
Michael Warschawski, okupazioaren aurkako eta bidezko bakearen aldeko mugimenduarekin konprometituriko israeldar militantea, izango da gonbidatuen artean. Gizarte-tentsioari buruzko osoko bilkurako txostenaz arduratuko da. Ardatz horretan gatazkan dauden gizarteak, indarkeria politikoa, krisi ekonomikoa, eremu pribatuko indarkeria, mugimendu sozialen garrantzia, bakearen erronka eta abar aztertuko dira. Horretarako, jasotako hainbat komunikazio izango ditugu, “Indibidualismo globalizatua eta gizarte-mugak” izenburupean bilduta. Gainera, Ramón Alzate, Javier Elzo eta Amalia Valcárcel izango dira gurekin, Mariano Ferrerrek zuzenduko duen mahai-inguruan, eta honako gai hau jorratuko dute: Indarkeria eta bakerik eza Euskadin: Gogoetak eta etorkizunerako proposamenak. (www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos/xvii).
Horiek ETAren indarkeriaren arrazoien eta hark mehatxaturiko, estortsioa jasandako eta hildako pertsonen inguruan galderak egiten lagunduko digute.
Demokrazia ezarri zenetik hiru hamarkada igaro ostean, zergatik jarraitzen du ETAk gizartearen zati baten babesa izaten, nahiz eta ia mila pertsona inguru hil dituen?
Terrorismoaren eta biktimen aurrean euskal nerabeek duten jarrera aztertzen du Arartekoak dela gutxi Eusko Legebiltzarrari aurkezturiko “Euskadin terrorismoaren biktimei eskainitako arreta instituzionalari” buruzko txostenak. Txosten horretan, ikus daiteke ETAren indarkeria onartezintzat jotzen duten nerabeak aurkakoa uste dutenak baino askoz gehiago direla. Ikasleen % 58ren arabera, beren familietan maiz esaten da “ETAren indarkeria onartezina dela”. Aldiz, beren familietan “ETAk jarduteko arrazoiak daude” entzuten dutenen kopurua % 18ra jaitsi da: ez da gutxi.
Argazkia: Nati.
ETAren ekintzak justifikatzen dituzten ikasleen erantzunen multzoan, justifikazioak zerikusi handia du etxean, eskolan eta lagunen artean esaten denarekin. Normalean familia eta lagun-taldea (eta beste batzuetan alderantziz, lagun-taldea eta familia) azaltzen dira lehenik sozializazio-agente gisa, eta eskola hirugarren lekuan azaltzen da beti. Giza eskubideei loturiko kontzeptuak txiki-txikitatik barneratu behar dira. Balioetan heztea hezkuntza-prozesuren parte izan behar da. Horrela, gizarteari buruzko ikuspegi kritikoa izango dute, hori eraldatzeko.
Sebastian Haffnerrek “Alemaniar baten istorioa” lan autobiografikoan bere buruari honako galdera hau egiten dio: Zer gertatu zaie alemaniarrei gertatzen ari zenaz eta beraien izenean egiten ari ziren krimenez ez ohartzeko?
Esaten du ez dela posible prozesu horietara gerturatzea gertatzen ari diren lekuan (alemaniar bakoitzaren bizitza pribatuan, sentimenduetan eta ideietan) murgildu gabe.
Horregatik, Bakearen Kulturari buruzko Deklarazioaren eta Jarduera Programaren inguruko 1999ko urriaren 6ko 53/243 Ebazpenak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onarturikoak, honako hau adierazten du: “gerrak gizakien buruan jaiotzen direnez, gizakiaren buruan eraiki behar dira bakearen bastioiak”.
Bakearen kulturaren ideia 1989ko uztailean Yamusukron izan zen Bakeari buruzko Nazioarteko Biltzarrean landu zen lehendabizi. Biltzarrak Unescori eskatu zion “bakearen ikuskera hobeagoa eraikitzearen alde lan egiteko, bakearen kultura garatuz, balio unibertsaletan (bizitzari, askatasunari, justiziari, solidaritateari, tolerantziari, giza eskubideei eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari errespetuan) oinarrituta”.
Gaur egun, Euskadin indarkeriaren kultura sakon errotuta dago gizartean. Beharrezkoa da bakearen alde lan egitea foro publiko eta pribatu guztietan, arlo guztietako erakundeetatik (politikoetatik, sozialetatik, kirol-erakundeetatik); harreman pertsonaletan, familiarretan; eta gure bihotzetan.
John Carlinek “Factor Humano” liburuan kontatzen duen legez, 1993an lehen aldiz Mandela elkarrizketatu zuenean honako galdera hau egin zion: nola da posible Afrikako Kongresu Nazionalaren “arrazismorik ez” mezuak Hegoafrikako beltzak erakarri izana, Kongresu Panafrikarraren “Kolono bat, bala bat” mezu mendekatiaren ordez? Mandelak erantzun zuen historiak bere herriari beroak, adeitsuak eta eskuzabalak izaten erakutsi ziola, baita beren arerioekin ere.
Carlinek Afrikako Kongresu Nazionaleko bestelako lider batek aukerarik errazena hautatu balu (hau da, Hegoafrikako beltzek jasandako gizatxarkeria eta erresumina aitzakiatzat hartuz indarkeriazko gatazka hasi balute) gertatu zatekeenaren inguruan gogoeta egiten du. Carlinek kontatzen duen legez, ezohiko jakituria behar da Mandelak bere herritarrei esan ziena esateko, “Ulertzen dut zuen haserrea. Baina Hegoafrika berria eraikitzeko, atsegin ez dituzuen pertsonekin lana egiteko prestaturik egon behar zarete”.
John Carlinek esaten du Mandela bere herriak eskaini zezakeen gauza onenen isla zela. Baina, berarekin batera beste Mandela txiki batzuk zituela, demokraziarako jauzia posible egin zutenak.
Bakea Euskadin bizi garen pertsona guztien eginkizuna da. Espero dugu Biltzarrak gogoeta eta proposamen konprometituak egiten laguntzea, jakinik bakea ez dela bera bakarrik etorriko guregana, baizik eta guk bilatu behar dugula eta oinarri sendoak finkatu behar ditugula luzaroan iraun dezan.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus