Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Mendebaldeko garapen-eredua da, jada, mundu osoan funtzionatzen duen bakarra. “Finantziarizazioa” da araua, hots, ahalik eta denbora-eperik laburrenean ahalik eta etekin handienak eskuratzea, maila guztietan. Mundializazioa, berriz, planeta osora ari da zabaltzen, etengabe, jardunbide horiek. Bizkor garatzen ari diren zenbait herrialde atzeratuk ere bide horretatik jo dute eta epe laburreko “beti gehiago nahi” eredu horri atxiki zaizkio. Zenbait alorretan, gai dira herrialde horiek gauzak “hobeto” egiteko, eta “gehiago”, aurrekoak baino. Sistemaren ezaugarri nagusiak agerian utzi ditu, gordin-gordinik, kredo neoliberalak (boteretsuen zerbitzura diharduena, betiere): inondik ere ez da muturrik sartu behar merkatu librearen jardunean. Irizpide horrek desberdintasun izugarriak, gero eta handiagoak, sortzen ditu, bai munduko eskualde batzuen eta besteen artean (nahiz eta gorantza ari diren herrialde batzuetan pixka bat murrizten ari diren alde horiek), bai aberastzat jotzen ditugun herrietan bertan ere. Gero eta gehiago ari dira hedatzen pobrezia-poltsak (muturreko pobreziarenak, zenbaitetan) herri aberatsetan.
Desberdintasun horiek guztiek eta pobreziak aurrez aurre dute, baina, aberastasunik lotsagabeena, eta era askotako gatazka gogorrak sorrarazten ditu talka horrek (pirateria, hirietako indarkeria, era guztietako trafikoak, “garbiketa” etnikoak edo hiri barrukoak...). Gogor astintzen dute gure garai hau gatazka horiek. Pobreek, noski, hobeto bizi nahi dute (horretarako edozer egin behar bada ere); aberatsek (baita hain aberats ez direnek ere, galtzeko zer edo zer badutela uste dutenek), berriz, beren aberastasuna gorde egin nahi dute. Hor dago, bada, gatazka, funtsezkoa, oinarri-oinarrizkoa. Jasanezinak ari dira bihurtzen desberdintasunak, eta, pixkanaka, murriztu egiten dituzte arazo horiek gizarte-lankidetzaren, elkartasunaren eta gizarte berean elkarrekin bizitzeko beharrezkoak diren oinarrizko balioen gaineko adostasunaren bidez konpontzeko aukerak. Askotan, erakunde politiko eta ekonomiko zein jende “errespetagarriak” (edo errespetagarritasun-irudia ongi saltzen dakienak) bultzatua da garapen hori, baina, askoren iritziz, batez ere “basatia” da. Jasanezina bilakatu da dagoeneko ingurumen sozial eta naturalari garapen-eredu horrek ematen dion “haginkada”!
Dinamika berri horiek, garatu ahala, etengabe hedatzen eta bizkortzen ari diren jokabide orokorrak bultzatzen dituzte: jardun sozialaren gero eta eremu gehiago “bilakatzen dira merkatu”, ingurune geografiko gero eta gehiago xurgatzen ditu hedapen horrek, ekonomiaren eta gizartearen zenbait alorretako bizi-zikloak gero eta azkarragoak dira... Eta, horren guztiaren ondorioz, jada sistematikoak eta mundu osokoak ditugun krisien zikloa ere azkartu egiten da eta krisi gero eta sarriagoak eta sakonagoak iragartzen ditu, krak eta haustura ugari, miseriaren eta harekin datozen zailtasunen hedatzea, aldaketak munduko ranking-ean, teknologietan, sektoreetan, enpresetan, kategoria sozialetan, herrialde eta kontinenteetan...
Ez dezagun espero, haatik, mundu osoko balizko arautzerik: etortzekotan, berandu etorriko da arauketa, eta munduaren egituraketa politikoa ikusirik, arazoen muinari ekiteko gai ez da izango! “Ikuspegi orokorra eta tokian tokiko ekintza” behar dira, herri-ekimenak bultzatu (zentzurik zabalenean) botere-apur bat dagoen maila guztietan (norbanakoak, zenbait maila kolektibo), betiere argitasunik baldin badute botere horren erabiltzaileek, erabaki egokiak hartzeko eta bide zuzenetik jotzeko. Hiru balio hauek elkarri estu “uztartuta” ibili behar dute: ekimenak, elkartasunak eta jasangarritasunak. Herren geratzen da haietako bakoitza beste biak gabe.
Munduko dinamikak berriro asmatu beharra dago. Norberaren jarduera-mailatik, bakoitzaren “botere-pikorretik” abiatuta ekin dakieke aldaketa-prozesuei... Dinamika sozialei buruzko egungo teoriek (konplexutasuna, berritasuna, erakundea, egituratzea, esperimentazio soziala...) adierazten digutenez, bottom-up ikuspegitik aztertu behar dira (top-down-etik adina, gutxienik) bi logika horien arteko talkak, eta gogoan izan behar da ekimen berritzaileak eta solidarioak erabaki eta zehazki abiarazi behar direla, maila guztietan. Mundua deskribatzen, ustez ulertzen eta bere bolizko dorretik zer egin behar litzatekeen intelektual baten gisara pentsatzea ez da aski, eta, gainera, arriskutsua da. Ongi hausnartu eta jarduteko, “elkarlanean” hausnartu eta jardun behar da, sare estuetan, lotura tinko eta etengabean dihardutelarik ikertzaileek, profesionalek eta dagokienek. Finean, Edgar Morinek proposatutako “jakintza-alorren artekotasunaren” zentzu epistemologikoa eta teleologikoa da sakonena.
Aldatzeko, berritu egin behar da. Ikusirik gizateriaren arazoen tamaina eta larritasuna, nonahi erabili behar da berrikuntza: teknologian, noski, baina berrikuntza soziala, lankidetzarena... ere beharrezkoak dira. Egiten den horren ikuspegitik berritu behar da: produktu berriak, teknologia berriak, partaidetza-modu berriak (politikan, gizartean, enpresetan, elkarteetan...), harreman mota berriak tresnekin eta naturarekin, lurraldea antolatzeko modu berriak, harreman berriak gizonen eta emakumeen artean, munduko eskualdeen artean... Baina, aldi berean, gauzak egiteko modu berriak ere abiarazi behar dira, proiektu kolektiboetan engaiatzeko bide berriak, ikuspegi kritikoarekin jarduteko era berriak, lankidetza- eta elkarlan-sistema berriak... Erne, bestalde, ilusio teknologikoari, askitasun “intelektualistari”, jokabide teknokratikoei, technology-driven edo science-driven kudeaketari... Adi arrisku horiei guztiei, maila eta era guztietakoei, baita agertzea espero ez diren lekuetan ere, batez ere norberaren pentsaeraren tolesturetan.
Berritu beharra dauka munduak, martxan jarri beharra dauzka berrikuntza horiek, “ibilian ibilian”, elkarrekin estu eta sistematikoki uztartuz ekimena, elkartasuna eta jasangarritasuna, alde batetik, eta hausnarketa eta ekintza bestetik. Bestela, kaosa eta basakeria nagusituko dira behion betiko. Berrikuntzari, berrikuntza arduratsuari buruzko hausnarketa bultzatzea du xede, hain justu ere, Eusko Ikaskuntzaren biltzarrak.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus