Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Bizitza kalitatea: demografia eta osasuna

Euskal gizartearen etorkizunari buruzko hausnarketaren barruan, Eusko Ikaskuntzak “Garapen Iraunkorrari” buruzko Kongresua egin zuen 2005. urtean. Enpresa-ezaugarriei buruzko gaiak aztertu zituzten funtsean, hala nola, energiaren, garraioaren, ekonomiaren eta fiskaltasunaren iraunkortasuna. Gizarte-dimentsioa baztertu samar geratu zen esandako gai handi horien ondorioz, nahiz eta aztertzeko gai posibleen artean zegoen. Dena den, azken hausnarketan baieztatzen zenez, Garapen Iraunkorrak bizi-kalitatea eta -aukerak hobetzeko ereduranzko aldaketa ekarri behar du nolabait.

Bada, abiapuntu horretan oinarritu gara hurrengo Kongresua, azaroaren 18an eta 20an egingo dena, prestatzeko. “Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza” izen orokorraren pean, aurreko biltzarrean aztertu ez ziren gaiak hausnarketa-ardatz izango dira. Kongresua 9 ardatzen inguruan antolatu da. Honako hauek dira, zehazki: globalizazioa, gizarte-tentsioa, gizarte solidarioa, arlo publikoaren balioa handitzea, genero-sistema, gizarte-oroitzapena, justizia eta bizi-kalitatea. Garbi dagoenez, guztiak ere gizarte-eduki handikoak dira.

Bizi-kalitatearen gairi lotzen gatzaizkiolarik, esan beharra dago hainbat ikuspegi izan ditzakeela, esate baterako hauek: gure hirien ezaugarriak eta zein neurritan diren bizitzeko erosoak eta egokiak; gure bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoa ote den kontsumoak gora egitea edo, aitzitik, bizi-kalitatearen iturri beste balio batzuk ote diren; behar bezala irakasten diegun gure gazteei ohitura osasungarriak hartzen bizi-kalitatea hobea izan dezaten, kontuan izanda ardura eta kezka ezberdinak izan ohi direla eta bizi-kalitatearen kontzeptua aldatu egiten dela pertsona bakoitzaren adinaren eta egoeraren arabera; eta, azkenik, nola ikertzen dugu osasunari buruz, gaixotasun-egoerako arreta hobetzeko eta eraginkorragoa izateko, baina betiere balio etikoak aintzat hartuta. Batzorde zientifikoko kideei helarazi zitzaien proposamen handiguratsu horiek guztiak oinarritzat hartuta, horietatik hiru aukeratu dira biltzarrean lantzeko: osasunaren sustapena, demografia (adinaren araberako igurikimenak) eta osasunari buruzko ikerketa, betiere ikuspuntu etikotik.

Osasunaren sustapena, esaterako, alderdi garrantzitsua da bizi-kalitatea hobetzeko. Elikatzeko ohiturak aldatu behar ditugu, toxikoak ekidin behar ditugu, ariketa fisikoa egin behar dugu bere neurrian, behar beste atseden hartu. Izan ere, aldaketa guzti horiek direla medio, gaur egun gizakia mehatxatzen duten gaixotasun asko saihestuko genituzke, hala nola, hipertentsioa, diabetesa, bihotz-gaixotasunak eta minbizia, hau da, gure gizartean hilkortasun handiena eragiten dutenak.

Argazkia: peasap

Argazkia: peasap.

Bestalde, bizi-kalitatea hobetzen ahalegindu nahi badugu, noren gainean jardun aztertu beharko dugu. Hala, jaioberriek, beren amak oso gazteak edo oso nagusiak badira, arazoak izateko arrisku handiagoa izan dezakete. Ezgaitasun edo ezintasunen bat duten pertsonei dagokienez, gizarteak zenbateraino jardun behar duen horien bizi-kalitatea hobetzeko aztertu behar da. Azkenik, gizarte-ezberdintasunak aztertu behar dira, biztanle-talderen batean hilkortasun handiagoa dakarten jakiteko eta, horrela bada, zaintza hobetzen ahalegintzeko eta ekidin daitekeen hilkortasun horri aurre egiteko.

Aztertuko den azken gaia ondorengo hau izango da: ikerketak bizi-kalitatean duen zeregina. Kongresuaren gai orokorra “Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza” izanik, lehen bi gaietan gizarte-aurrerapena aztertu dugu eta azken honetan ikerketan oinarrituko gara, berritzeko bide den aldetik. Baina ikerketa ezin da edonola egin, hau da, baldintza etiko batzuk zaindu behar dira. Foro batzuetan esaten da alderdi etikoak funtsezkotzat hartzen dituztenek ikerketa oztopatzen dutela, baina horrela pentsatzea oker handia da. Etikarik gabeko ikerketa krudela da, ez da ona inorentzat.

Hori da, oro har, Kongresuan aztertuko diren gai nagusien funtsa. Programa zehatzeari lotuz, txosten nagusi bat dago, Zuzenbidean eta Medikuntzan doktore Carlos Romeo Casabona irakaslearen eskutik etorriko dena. Gaur egun dituen kargu ugarien artean, aipatzekoak dira honako hauek: Europako Kontseiluko Bioetika Batzordeko kidea, Ikerketako Aholku Lantalde Europarreko kidea eta Euskadiko Ikerkuntza Klinikoko Batzorde Etikoko lehendakaria. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko Katedraduna da, eta baita Deustu Unibertsitatearen eta EHUren BBVA-Bizkaiko Foru Aldundia Unibertsitate arteko Zuzenbide eta Giza Genomako Katedrako zuzendaria ere. Osasunaren sustapenari buruzko komunikazio-saio batekin, Euskal Herriko egoera demografikoari buruzko mahai-inguru batekin eta “Ikerketa, ikuspuntu etikotik bizi-kalitatea hobetzeko” gaiari buruzko komunikazio-saioarekin amaiera emango zaie, testu honetan adierazitako gaiei. Besterik gabe, artikulu honen irakurleren bat Gasteizera joatera animatzea eta gai interesgarri horiei guztiei buruz eztabaidatu ahal izatea espero dut.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media