Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Pertsona helburu eta ez bitarteko

‘Berrikuntza’ gure garaiko talisman-hitz horietako bat da. Haur ipuinetan altxor haitzuloa irekitzen duen ‘abrakadabra’ horren antzera, badirudi ezen aipatze soilak etorkizun garatu eta jori baterako bidea garbitzen dela. Hori, agian publizitateko klixe baten gisa funtziona lezakeena, ez dagokio errealitateari, egunez egun berrikuntzaren alderdi guztiekin konprometiturik daudenek adierazten dutenez.

Berritzaileek ez dute zerikusirik, edo oso gutxi behintzat, etorkizunari aurrea hartuz, guztion ontziaren iparra markatzen duten alkimistekin edo ameslariekin. Berritzaileek ez dute soluziorik eskaintzen, baizik eta hasteko arazoak planteatzen dituzte; baina, batez ere, horiek egokiro planteatzen ahalegintzen dira.

Berrikuntza politiketan eta prospektiban nazioarteko aditu handia den Thierry Gaudin frantsesak, oso era adierazkorrean definitu zuen: «Berritzailea benetako enplastua da» (Un innovateur est un emmerdeur). Zergatik enplastua? Berritzailearen berezitasuna zera delako: gure printzipioak eta ziurtasunak zalantzan jartzera, inertziekin hautsi eta begien bistakotik haratago murgilaraztera, helburuak berdefinitzera, gure bizimodua eta pentsamoldea krisian jartzera behartzea. Berritzaileek, benetakoak direnean, geldotasuna astintzen digute eta atzoko erantzunek biharko galderetarako ere balioko digutelako ilusioa uxatzen dute.

Horrexegatik, Eusko Ikaskuntzak bere XVII. Kongresua «Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza»-ren inguruan antolatzen duenean (Gasteiz, azaroak 18-20), Gaudinen erara esanda, ehunka “enplastu” batzuk biltzen ditu: 18-90 urte bitarteko adina duten “enplastu” zoragarriak, prestakuntza, jatorri, interes eta ideologia desberdinetakoak baina gaur arte nagusi izan diren printzipioez bestelakoetan oinarrituriko mundua eraikitzeko premiaren kontzientzia komun batek biltzen dituenak. Horrek paradigma eta errutina asko berrikustera behartzen du; hitz batean, berritzera behartzen du.

Hazkundeak, kontsumoak eta lehiakortasunak benetako aurrerapen iraunkorra ez dutela bermatzen onarturik, elkartasuna, gizarte justizia eta iraunkortasuna bezalako gida balioak sendotzeari ekin behar diogu. Eta horretarako beharrezkoa da gauzak behin eta berriro pentsatzea: Justizia kontzeptua mundu globalizatuan, publikoaren balioa, gizarte solidario bat eraikitzea, bizitzaren kalitatea, genero harremanak, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubiarena egingo duen gizarte oroimen baten premia... Gai horietaz eta beste hainbatez lan egingo du Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak. Hain zuzen ere, Kongresu honetan berrikuntza bere alderdi gizatiarrenetik azalduko da: pertsona ardatz eta neurri duena; gizakia helburu, eta ez estrategien bitartekotzat hartzen duena.

Bestalde, euskal gizarte zibiletik sorturiko erakunde bati dagokionez, Eusko Ikaskuntzak gizarte tentsioei buruz gogoetatzea proposatzen du, munduan eta bereziki Euskal Herrian gertatzen direnei buruz. Nire ustez, hemen ere berrikuntza ereduak aplikatu beharrean gaude; horiek, herritarren eta ordenamendu legalaren arteko kontratu sozialetik haratago joanez, bizikidetzari eusten dioten giza loturak sendotzen lagunduko dute. Bakea, denok amesten dugun egiazko bakea, soilik elkarrekin bizitzeko eta etorkizun komun bat partekatzeko gogo zintzo batetik jaioko da.

Gizakiok denetik aspertzen gara ulertzetik izan ezik, Virgilio latindar idazleak zioenez. Eusko Ikaskuntzako kideen goiburu izan litekeena, gure “Asmoz ta Jakitez” ikurritz kutunarekin batera. Eta, adorea galdu gabe, aurreko beste edozein garai baino konplexuagoa den gure hau ulertzen saiatzen garenez, aurreiritziak baztertzea, errezeta eta ortodoxiak alboratzea eta intelektualki ulerberak bilakatzea beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Hori guztia gizarte irekietan eta, aldi berean, batuetan parte hartzeko helburuarekin, norbere buruaz harro dauden gizarteetan eta, aldi berean, unibertsalean senide eta lankide diren gizarteetan.

Banago Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresu honek kemena emango digula datozen urteetan mundu zuzenago, solidarioago, kultura aldetik pluralago, kromatikoago eta parte hartzaileago baten alde lanean jarraitzeko, gure Herriaren giza balio tradizionalak izan direnetik eta direnekin.

“Enplastu” deituko badigute ere.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media