Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Justizia

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek, zientzia- eta kultura-elkarte egonkor eta iraunkor gisa. Ezagutza aztertzea, ikertzea eta zabaltzea izan dira EIren eginkizunak hasiera-hasieratik, aurrerapena bultzatzeko eta gizarte-kohesioa eta identitate partekatuak indartzeko xedez. Horretarako, gizarte solidario eta kultura anitzekoa, zientzia eta kulturarekiko konpromisoa, pluraltasun ideologikoa, errespetua eta elkarrizketa, berrikuntza eta aurrerabidea eta euskara babestea hartu ditu abiapuntuko baliotzat.

Eusko Ikaskuntzak etorkizunari aurrea hartu nahian dihardu, gizarte-erronkak aztertuz, arlo guztietan erabakiak hartzen laguntzeko gizarte-eztabaida sortuz, gizarte zibil osoa barnean hartuz, bere gogoeta eta ikerketak dibulgatuz eta zientzia- nahiz kultura-arloko azpiegituretako gabeziak osatzen lagunduz.

Orain dela lau urte, Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresuak Garapen Iraunkorra izan zuen ardatz. Aurten ere garapen iraunkorra aztertuko du Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuak, aurreko proposamenak ahaztu gabe, baina beste ikuspegi berri eta osagarri bat –gizarte-ikuspegia– eta etorkizuneko proposamen bat –berrikuntza– abiapuntu hartuta. Horiek horrela, Eusko Ikaskuntzaren 2009ko Kongresuak gizarte-aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza aztertuko du.

XVII. Kongresua bederatzi ardatz edo angeluren inguruan antolatu da, horien bitartez berrikuntza soziala euskal gizartea aldatzeko motor gisa aztertzeko. Historian zehar gizartean izandako aldaketa asko bizikidetza partekatuaren hainbat arlotan eginiko berrikuntza txikien bitartez lortu direla hartuko da abiapuntu ikerketa horretarako.

Ildo horretan, ekonomia, kultura, ingurumen eta bestelako arloei (azken buruan, gizarte-arloei) dagokien aurrerapen soziala egungo eta etorkizuneko aldarrikapen eta beharra da, bai norberarentzat bai herritar guztientzat. Horri esker, arlo orotan eginiko aurrerapenekin batera norberaren eta gizarte-taldeen aurrerapena gauzatzen da. Horretarako, ezinbestekoa da herritarrek eta administrazio publikoek maila guztietan parte hartzea.

Hauek dira Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuaren bederatzi ardatzak: berrikuntza, globalizazioa, gizarte-tentsioa, bizi-kalitatea, arlo publikoaren balioa handitzea, gizarte solidarioa, genero-sistemak, justizia eta gizarte-oroitzapena.

Argazkia: Clearly  Ambiguous

Argazkia: Clearly Ambiguous.

Mendebaldeko gaur egungo gizarte guztietan, epaileek eta Justiziak gero eta garrantzi sozial eta politiko handiagoa dute, agerikoa baita politikaren eta ekonomiaren arloetako erabakien (batzuen) gaineko kontrol handiagoa dutela. Fenomeno horri “politika auzipetzea” deitzen zaio. Hala ere, fenomeno hori gertatzen den garai honetan, ekonomian garrantzia gehien duten erabakiak, eta beraz, norberaren eta gizartearen aurrerapenean eraginik handiena dutenak, erakunde demokratikoen boteretik kanpo hartzen dira. Beraz, bi krisi batera gauzatzen dira hor: ongizate-estatuarena eta ordezkaritza politikoarena.

Demokrazia ordezkatzaile batean, eta baita demokrazia parte-hartzaile batean ere (azken hori ohiko demokrazia ordezkatzailea lortu nahi den demokrazia osagabetzat hartzen duena dela ulerturik), Zuzenbideak eta auzitegiek nolako papera duten berraztertzera garamatza horrek. Ikuspegi horren arabera, Zuzenbideak eta sistema judizialak egitura eta gatazka sozialak nola lantzen dituzten eta nola landu beharko lituzketen aztertu behar da, baita Zuzenbidearen eta Justiziaren eskuragarritasuna eta Zuzenbideak eta Justiziak, Giza Eskubideak gauzatzearen bidez, pertsona ororen emantzipazioan bete behar duten zeregina ere.

Ildo horretan, Kongresuko JUSTIZIA ardatzak honako gai hauek izango ditu oinarri: “Justiziaren konstituzio-balioa krisian? Giza eskubideak eta merkatua” izeneko txostena, Carlos Jimenez Villarejo ustelkeriaren aurkako fiskal ohi eta epaileak garatua; “Ingurumen-gatazkak eta herritarren parte-hartzea: ordezko justiziarako aukera” gai iradokitzailearen inguruko komunikazio-saioa, Xabier Ezaizabarrenak –UPV-EHU– koordinatua; “Hizkuntza propioa erabiltzeko prozesua eta eskubidea” gaiari buruzko mahai-ingurua, Nekane San Miguel Bizkaiko Auzitegi Probintzialeko Magistratuak koordinatua eta hainbat aditu partaide izango dituena, hala nola Jordi Nieva (Bartzelonako unibertsitatea), José Palacio (Luxenburgoko TJCE), Xabier Balerdi (Eusko Jaurlaritza) eta Kepa Sampedro (Bizkaiko Elkargoko Abokatua).

Kongresuan Justiziaren auzia aztertuko da, egungo ordenamendu juridikoaren goreneko balio gisa, Zuzenbide eta Gizarte Estatu demokratiko ordezkatzailearen esparruan, non pertsona guztien eta talde guztien askatasuna eta berdintasuna bermatu behar diren. Bizikidetzarako konponbide eta arau multzoa da Zuzenbidea, baita horiek gauzatzeko bidea ere. Hori dela eta, pertsonen eta gizartearen erregulazioaren eta emantzipazioaren arteko tentsioaren erdigunean dago. Merezi du, beraz, Zuzenbidea ikuspegi libre eta zentzu juridiko berri batetik berraztertzea, hau da: Zuzenbidea derrigortzeko tresna gisa, baina baita askatzeko tresna gisa ere; Zuzenbidearen eta Justiziaren arteko harremanak; Justizia antolatua (herritarrek eskaturiko justiziari emandako erantzun ahula) eta ordezko erantzun sendoa (herritarren arteko eta hiritarren eta beste subjektu publiko batzuen arteko gatazken autokonposizio-sistemen bidezko justizia partaidetua); gizarte eta hiritar jakin batzuen Justizia, berezko ezaugarri, identitate eta errealitate sozio-politikoarekin.

Horiek dira gure gizarteak Zuzenbidearen eta Justiziaren inguruan dituen zenbait erronka –ez guztiak– aurrerapen eta emantzipazio sozialean aurrera egiteko. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuak gai horietan jarriko du arretagunea, aurrerapen sozial iraunkorrerako garrantzitsuak direla sinetsita.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media